70 urtetik gorakoek txertoaren hirugarren dosia jasoko dute urriaren 25etik aurrera
Urriaren 25etik aurrera 70 urtetik gorako pertsonek covid-19aren aurkako txertoaren hirugarren dosia jasoko dute, espainiar Estatuko Osasun Publikoaren batzordeak erabaki duenez.
Espainiar Osasun Ministerioa eta autonomia erkidegoak biltzen dituen Osasun Publikoaren batzordeak 70 urtetik gorako pertsonei koronabirusaren aurkako txertoaren errefortzu-dosia jartzea onartu du gaur arratsaldean. Hala, adin horretatik gorakoek hirugarren dosia jasoko dute, betiere pauta osatu zutenetik sei hilabete igaro badira.
Hamabi erkidegok aldeko botoa eman dute, bost abstenitu egin dira eta bik aurka bozkatu dute: Madrilek eta Galiziak.
70 urtekoen ondoren, 65 urtetik gorakoen txanda izango da, hauek ere sei hilabeteko epea betetzen dutenean. Covid-19aren aurkako txertoa gripearen aurkakoarekin batera jarriko da, hainbat autonomia erkidegok hala eskatuta.
Helburua pertsona zaurgarrienen babesa handitzea dela adierazi du Osasun Ministerioak ohar batean.
Osasun Publikoaren batzordeak joan zen irailean onartu zuen errefortzu-dosia jartzea immunodepresioa duten pazienteei eta organoren bat transplantatuta duten pertsonei.
Atzo, berriz, Sendagaien Europako Agentziak (EMA) bere iritzia plazaratu zuen errefortzu-dosien inguruan eta Pfizer txertoaren hirugarren dosia hartzea gomendatu zuen, «segurua eta eraginkorra» delako. Gomendioa 18 eta 55 urte bitarteko populazio orokorrari zuzendutakoa da. Immunodepresioa duten pertsonen kasuan, berriz, Pfizer zein Moderna txertoak pauta osatu eta 28 egunera hirugarren dosia hartzea aholkatu zuen.