INFO

Iritsi da Bilboko Kafe Antzokiaren itzulera

Gaueko aisiaren aldeko apustuarekin ekingo dio Bilboko Kafe Antzokiak jardunari 18 hilabetez itxita egon ostean. Edukiera osoarekin eta kultur programa zabalarekin bueltatuko da Bilboko euskal komunitatearen topagunea.

Mikel Urbeltz Kafe Antzokiaren irekiera baino ordu batzuk lehenago.(Monika DEL VALLE/FOKU)

Bilboko Done Bikendi kalean udazkeneko goiz arrunt bat da, normaltasuna da nagusi. Gabriel Aresti euskaltegiko ikasleak atsedenaldian daude, batzuk zigarroa erretzen eta, besteak, korroan solasean, klasean ikasitakoa praktikan jartzen. Kanpotik begiratuta, ezer gutxik iradokitzen du Kafe Antzokiko ateen beste aldean dagoen mugimendua.

Barruan dozena erdi bat langile dabiltza joan etorrian, guztiak antzokiko kamiseta beltza eta musukoa jantzita, batzuk barrako hozkailuak betetzen, besteak xurgagailua pasatzen eta bada argi eta soinu frogak egiten dagoenik ere. Halako ilusio eta urduritasun kutsu bat nabaritzen da lantaldean, denak baitaude buru belarri murgilduta norbere eginkizunetan.

Izan ere, ez da irekiera arrunta, 18 hilabete pasa baitira jada antzokiak ateak itxi zituenetik eta irekierak espektatiba handiak sorrarazi du. Hain espektatiba handiak, ezen ‘Dantza dezagun berriro’ lelopean salgai jarri ziren sarrerak bi ordu eskasera agortu ziren. «Espero duguna da jendea pozik, alai eta festarako gogoz etortzea. Gau polita eta berezia izatea espero dugu», azaldu du Mikel Urbeltzek, antzokiko kudeatzaileen lantaldeko kideak. Gosari eta bazkariei dagokionez, asteazkenean jarriko dituzte martxan.

Areto nagusiko zaratatik urrun, kamerinoan, Antzokiaren itxialdia «luze» egin zaiela eta «gogotsu» itzuli direla aitortu du Urbeltzek, Kafe Antzokia taberna bat baino askoz gehiago baita Bilbo eta Bizkaiko euskal komunitatearentzat. Hori horrela, itxita egon den tartean, euskal kulturak plaza ireki bat falta izan duela gogorarazi du Urbeltzek: «Urtean 300 ekitaldi inguru antolatzen ditugu; 150 kontzertu, antzerkiak, dantza, disko aurkezpenak, hitzaldiak...Orduan, programazio potente bat da urte eta erdi honetan galdu dena».

«Gure kulturaren eta hizkuntzaren egoeragatik horrelako lokalak eta espazioak garrantzitsuak dira», hausnartu du Urbeltzek. Horregatik, pandemiaren baitan Durangoko Plateruena itxi izana bereziki mingarria izan da Bilboko Kafe Antzokiko kudeatzailearentzat: «Pena handiz bizi genuen. Ez ditugu espazioak soberan eta Durango bezalako herri batek horrelako espazio bat galtzea penagarria da; Durangok merezi eta behar duelako».

Hala ere, Urbeltzen esanetan, Bilboko Kafe Antzokia «indartsu» itzuli da eta lehenengo kontzertua hilaren 21ean, ostegunean, izango da Rudiger taldearen eskutik, eta martxorarte kontzertu eta ekitaldiz beteta dago Antzokiko egitaraua. Hori horrela, denbora guzti honetan zehar, antolatzaileak etengabe ibili dira badaezpadako egitarauak sortuz eta deseginez osasun neurriak noiz malgutuko zain, ireki bezain pronto Antzokiaren jarduna bere osotasunean berreskuratzeko.

Aurrera begira, ‘25+1’ ospakizuna izango da Antzokiko hurrengo hitzordu garrantzitsuena. Izan ere, arazoak arazo, Bilboko Kafe Antzokiak 25 urte bete zituen iaz eta ospakizunik ezin izan zutenez egin, datorren abenduaren 15ean, lehen irekieraren urteurrenean, egitarau berezia antolatuko dute oraindik iragartzeke dauden kontzertuekin. Beraz, oholtza gainera artista bat edo bestea igo, Bilbok berriro dantzatuko du.