Segregazioarekin amaitzea aldarrikatu du Steilasek: «Opus Dei ez, opus night bai»
Iruñeko El Redin ikastetxeak Lehen Hezkuntzako etaparako ituna berritzea sinatu zuen nafar Gobernuarekin, baina ikasgeletan mutil eta nesken arteko bereizketak daude oraindik. Steilas sindikatuak protesta egin du eskolaren aurrean.
Steilas sindikatuak agerraldi antzeztu bat egin du gaur goizean Iruñeko El Redin eskolaren aurrean, ‘Segregazio sexu-generikoa itundua dago, segregazioaren armairutik atera!’ lemapean. Paki Berotegi eta Klimax Larrialdi izan dira ekimenaren protagonistak «neskak neskekin, mutilak mutilekin, inor gehiago ikusi gabe», «denak berdin jantzita, berdin eserita, pentsamendu bakarra eta kristaua» edo «hemen ez dago gayrik, lesbianarik, bisexualik edo? Hau oso aspergarria da» bezalako esaldiekin.
Horren aurrean, «aniztasuna» aldarrikatu dute. «Opus Dei ez, opus night bai» oihukatu ere, La Polla Recordsen ‘Salve’ abestiaren erritmora.
Astelehenean, urriak 11, armairutik ateratzeko nazioarteko eguna ospatuko da, 22an trans despatologizazioarena eta 26an ikusgarritasun intersexualarena. «Ikastetxe honen aurrean elkartu gara ezinezkoa baita behar bezala lantzea aniztasun afektibo-sexualari eta genero identitateari buruzko gaiak». Hori dela-eta, El Redineko ikasle edo irakasleak «ezin direla armairu zisheteropatriarkaletik atera» nabarmendu dute.
Gogora ekarri dute ikastetxe honek nafar Hezkuntza Departamentuarekin sinatu zuela Lehen Hezkuntzako etaparako ituna berritzea, baina bereizten jarraitzen duela. Era berean, azken hilabeteetan «antzerki mediatiko bat» egon dela salatu dute. «Ontzat eman da ikasgelak pixkanaka misto bihurtzea, ikasturtearen hasieratik klase guztiak mistoak izatea zaila balitz bezala. Dena bat dator PPSOEren ideologiarekin».
Honela, legea betetzen ez bada, ituna «berehala» eteteko eskatu dute eta Hezkuntza Departamentuak ikasleei ikastetxe publiko batean ikaspostu bat eskaintzea proposatu «hezkuntza egokia bermatzeko». «Segregazio mota horren apologia nesken eta mutilen garunen arteko ustezko desberdinatsunetan oinarritzen da, baina aurreiritzi matxista zaharkituak baino ez dira, argudio sasizientifikoz jantziak, zisheteropatriarkatua bertsio nazionalkatolikoenean erreproduzitzen jarraitu besterik bilatzen ez dutenak».
Sexu-genero bereizketaz gain, ikastetxe honetan bereizketa sozioekonomiko bat ere badagoela nabarmendu dute. «Kuotak, materialak, jarduera osagarriak eta abar ordainduta, familia pobreetatik datozen ikasleak matrikulatu ez daitezen». Eta bertan haurrei euskara ikasteko eskubidea ere urratzen zaiela gehitu.