INFO

Gorka Pagonabarrak irabazi du Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren kanporaketa

Igorren jokatu zen larunbat arratsaldean Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren kanporaketa. Gorka Pagonabarra Agorriak bildu zituen puntu gehien eta finalaurrekoetarako txartela lortu zuen. Aforoak %100ean zeuden lehenengo saioa izan zen eta bertsozalez bete zen Lasarte aretoa.

Gorka Pagonabarra Agorria durangarra gailendu zen Igorreko saioan. (BIZKAIKO BERTSOZALE ELKARTEA)

Gorka Pagonabarra Agorria durangarrak irabazi zuen Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren kanporaketa, %100eko aforoarekin egin zen lehena. Igorreko Lasarte aretoa bertsozalez lepo zela egin zen saioa, larunbat arratsaldez. Pagonabarra zuzenean sailkatu zen finalaurrekoetara.

Pagonabarrak 482,5 puntu batu zituen, 22 puntuko aldea ateraz bigarren egin zuen Julen Arzanegi Erezumari (460,5 puntu). Hurrengo sailkatuak honela gelditu ziren: Mikel Goiriena Larrazabal (448,5), Ibai Amillategi Omaetxebarria (448,5), Garazi Navarro Ugarteburu (418,5) eta Ander Ucelay Aristi (416).

Beñat Vidal Gurrutxagak egin zituen gai-jartzaile lanak eta epaimahaia Ainhoa Arregi Elosua, Garazi Mendoza Agirre, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Leire Etxebarria Gaztelu eta Mirari Azula Aurrekoetxeak osatu zuten. Idazkari beharretan Itziar Basterretxea Olarreaga aritu zen.

Hurrengo saioa, larunbatean Ortuellan

Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren hurrengo kanporaketa urriaren 16an jokatuko da, larunbatarekin, Ortuellako Gorbea Aretoan, 17.00etan hasita.

Kantatuko duten bertsolariak hurrengoak izango dira: Asier Alcedo Cano, Garikoitz Sarriugarte Onaindia, Julen Ibarguengoitia Ordorika, Mikel Retolaza Etxebarria, Peru Vidal Gurrutxaga eta Txaber Altube Sarrionandia. Gai-jartzaile gisara Idoia Anzorandia Kareaga arituko da.