INFO

«En tu DNI pone España», Ertzaintzaren erantzuna Ernaiko gazteei

Urriaren 12an Donostiako gazteak kalera irten ziren ‘Gazteok independetzia’ leloarekin. Mobilizazioa eta gero ertzainek hiru kide identifikatu zituzten autobusean. Behin eta berriro esan zieten identifikazioa euskaraz eskatzeko, baina poliziek gaztelaniaz egingo zutela esan zieten gazteei.

Ernaiko gazteak, urriaren 12an Donostian manifestazioan. (Jon URBE/FOKU)

Ernaik kontatu duenez, urriaren 12ko ‘Hispanitatearen Egunean’ Euskal Herriko hainbat herri eta hirietan bezala, Donostiako gazteak kalera atera ziren, «ukazioa, inposizioa eta kolonialismoaren gorazarre egunean» ez dutela ezer ospatzeko argi uzteko.

«Independentzia aldarrikatzen jarraituko dugu, egunero», adierazi zuten.

Azaldu dutenez, mobilizazioaren ondotik ertzainek gazte antolakundeko hiru kide identifikatu zituzten autobusean. Gazteek behin eta berriro esan zieten identifikazioa euskaraz eskatzeko, baina haiek identifikazioa gaztelaniaz egingo zutela erantzun zieten. «En tu DNI pone España» (zuen nortasun agirian España jartzen du), aurpegiratu zieten.

Ernaik salatu duenez, «ez da lehengo aldia Donostian horrelako hizkuntza urraketa bat» jasaten dutela. «Hau onartezina da», gaitzetsi dute sare sozialetan. Erreakzioen artean, badira Ertzaintzaren jokabidea Guardia Zibilarenarekin alderatu dutenak. Honakoa, adibidez: