INFO

Jokin Altuna: «Material azkar honekin denoi ari zaigu asko kostatzen errestatzea»

Bergarako larunbateko partidarako saskian aurkitu dutena orain arte baino baxuagoa izan dela uste du Peio Etxeberriak.

Peio Etxeberria eta Jokin Altuna Bergarako aukeraketaren ostean. (ASPEPELOTA)

Aitor Elordiren aurkako partida amaitu berritan esan zuen eta gaur, larunbatean Bergaran Peio Etxeberriaren aurka jokatu bezperetan ere berritsu du Jokin Altunak bere ustez azken urteetan materiala asko azkartu dela eta honek bereziki zaildu egiten duela Lau eta Erdikoan sakeak eramatea. Hori litzateke, amezketarraren aburuz, azken asteetan partidetan ikusi ditugun takada handien arrazoi nagusienetako bat eta indarrak are gehiago parekatzen direla ere uste du. 

«Nik uste restatzea denoi ari zaigula asko kostatzen, dagoen materiala oso azkarra da eta pareta ukitu ezkero, oso zaila da restatzea», azaldu zuen amezketarrak. «Lehenago ez dakit, baina nik debutatu nuenetik materiala asko aldatu da. Nire lehen nire lehen urteetan, oroitzen dut eta partidak ikusita oraindik ere argiago ikusten dut, botera askoz gehiago jokatzen zen. Gaur egun denek jokatzen dute oso oldarkor eta ez da erraza.  Ikusten ari gara, nahiz eta ondo  restatu, ia ezinezkoa dela bitik pilota kentzea eta edonork  egin diezazuke takada handi bat», gaineratu zuen.

Gaurko aukeraketan ez da zalaparta handirik izan, baina ez dela adostasunik egon, Altunari zenotzekoaren pilota bat bizia iruditu zaion bitartean, Peio Etxeberriari gaurko saskian normalean baino pilota baxuagoak egon direla iruditu baitzaio. 

Partida oso garrantzitsua dute biek aurretik, irabazteak, Bilbon Bengoetxea eta Elordik egiten dutenaren arabera, finalerdietarako txartela eman baitiezaieke. Ultzamarrak erosoago gainditu zuen Oinatz Bengoetxea Balmasedan eta ez du gehiegi pentsatu nahi lehen aldiz finalerdietan egotearen aukeraren inguruan. 

Piloteoan deseroso

Egungo txapelduna, ordea, dezente estutu zuen Elordik Eibarren, baina partida atera izanarekin pozik agertu da amezketarra. Aurrelari gipuzkoarrak ez du gehiegi aztertu nahi izan Astelenan egindakotik zer hobetu beharko duen, hein handi batean Elordik egindako partida handiari meriturik kendu nahi izan ez diolako, baina onartu du piloteoan deseroso aritu zela eskuinarekin. «Piloteoan abiadura eman beharko diot pilotari, hori izan zen egin ez nuenetako bat. Normalean nahiko erritmo jartzen dut eta aurrekoan ez nuen asmatu, Aitorri eskura ematen nion eta berak mina egiten zidan, nik sute gehiago dominatu behar dudala, hori da giltza».

Jokin Altunaren iritziz, indarrak jendeak uste baino askoz orekatuagoak daude, batez ere pilotari guztien maila nabarmen hobetzen ari delako. «Baina ni ere hobetzen ari naiz urterik urte. Aspalditik diot kirolariak  20tik 25 urtera eta 25etik 30era gora egiten dutela, nik ikusi dudanagatik, pilotariek hobera egiten dute,  maila oso handia dago eta hori deontzat da ona. Nik beti nahigo dut ondo dagoen arerio baten aurka aritu, ondo jokatzen ari denaren aurka, horrekin hobetu  egiten duzulako eta hori delako bidea».

Peio Etxeberria da jauzi hori eman duenetako bat eta horregatik ez du harritzen zenotzekoa final laurdenetan horren ondo ikusteak. 

Bizirik jarraitzea helburu Tolosan

Txanponaren beste aldean daude astelehenean Tolosan elkarren aurka aritu behar duten Erik Jaka eta Unai Laso. Lehen partidan galtzaile irten ostean, garaipena behar beharrezkoa dute bizirik irauteko. «Partida garrantzitsu baten aurrean gaude. nik uste biok tentsio puntu hori izango dugula, azkenean beste partidaren emaitza ere jakingo dugu eta horren arabera final bat bihurtzea duen partida da eta ea partida on bat egiterik dugun. Ea hasiera hasieratik entxufatuta hasten naizen eta garaipen garrantzitsua lortzerik dudan», adierazi du Jakak. 

Unai Lasok bere aldetik, aurkaria zeinen arriskutsua den nabarmendu nahi izan du. «Aukeraketa ondo joan da, pilota marroixkak ziren, niri gustatzen zaizkidan horietakoak. Oso partida zaila zaingo dut, galdu arren aurrekoan ikusi zen Jaka zeinen azkar joan zen 5etik 18ra, partida oso ondo bukatu zuen, oso arriskutsua da saiatu behar dut ez dadila eroso egon kantxan eta ea partidaz gozatzerik dugun», azaldu du.