INFO

Azaroan egingo duen kongresuaren atarian, 100.925 afiliatu dituela jakinarazi du ELAk

100.925 afiliatu dituela jakinarazi du ELAk astelehen honetan hainbat komunikabidetako kazetariekin egindako solasaldian. Afiliatuen artean emakumeen ehunekoa %43tik %46ra igo da 2017tik, eta igoera hori batez ere zerbitzuetan eta prekarizazio handieneko sektoreetan izan da.

Iván Gimenez ELA sindikatuko komunikazio arduraduna, Mitxel lakuntza idazkari nagusia eta Amaia Muñoa alboko idazkari nagusia. (Aritz LOIOLA/FOKU)

ELAk, hainbat komunikabidetako kazetarien aurrean, sindikatuaren benetako afiliazio zifrak ziurtatu ditu gaur; izan ere, kazetarien eskura jarri du afiliazio datu errealak zuzenean egiaztatzea, betiere dagozkion datu pertsonalen babesarekin. Horrela, egiaztatuta geratu da ELAk 100.925 afiliatu dituela, hau da, ia 2.000 kotizatzaile gehiago 2017ko Kongresuan jasotako datuekin alderatuta (orduan 98.960 pertsona ziren). Sindikatuaren XV. kongresua azaroaren 24an eta 25ean izango da Bilbon.

ELAk nabarmendu duenez, sindikatu osoko emakumeen ehunekoa %43tik %46ra igaro da lau urtean, eta igoera hori zerbitzu sektoreetan gertatu da batez ere (emakumeen ehunekoak ia bikoizten du gizonena), «prekarizatuenak» direnetan. Gainera, emakumeen afiliazio ehuneko hori ia %50eraino igotzen da 39 urtetik beherakoen artean.

Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak azpimarratu duenez, afiliazioa «funtsezkoa» da ELAren «zeregin sindikala eta izaera bera ulertzeko». «Afiliazioak autonomia ematen digu, eta autonomiak independentzia eta askatasuna», zehaztu du.

Izan ere, ELAren datuen arabera, afiliazio horrek ahalbidetzen du sindikatuaren urteko diru-sarreren %93 baliabide propioetatik etortzea. Ehuneko hori mantendu egin da azken lau urteetan. «100.925 langileek konpromiso pertsonalaren bidez, herrialde honetako proiektu kolektibo handienetako bat ahalbidetzen dute. Konpromiso horretan datza ELAren indarra, afiliazioak autonomia ematen digu, eta horrek aukera ematen digu langile klasearen interesak lehenesteko, beti eta edozein egoeratan», esan du Lakuntzak.

Egoera ekonomikoaren balantzea

Ildo horretan, ELAk bere egoera ekonomikoaren balantzea ere egin du. 2017tik 2020ra ia 104 milioi euroko diru-sarrerak izan ditu: 95.880.076 euro kuotak; 1.509.271 bestelako diru-sarrera propioak; 4.929.684 diru-laguntzak; 217.183 parte-hartze instituzionala; 679.077 negoziazio kolektiboko funtsak; eta 714.831 bestelakoak. 87,8 milioiko gastuak izan ditu: 84.060.196 ohiko gastuak eta 3.789.490 hornidurak.

ELAko ordezkariek erresistentzia-kutxaren indarra ere nabarmendu dute, greban dauden pertsonei 1.163 euroko kalte-ordaina ematen baitie hilean (ohiko gatazketan). «Horrek azaltzen du ELAk lan baldintzak defendatzeko duen gaitasuna, greba oinarrizko elementua baita konfrontazioko negoziazio kolektiborako, eta ez enpresen menpekoa», azaldu du Lakuntzak. Afiliatu bakoitzaren kuotaren %25 bideratzen da horretara.

«Badakigu grebak ez direla arrazoi hutsarekin irabazten, irauteko gaitasuna funtsezkoa da. Kutxa da gainerako afiliatuek greban dauden pertsonei ematen dieten laguntza, babesa eta animoa. Elkartasun ekintza paregabea da», adierazi du ELAren idazkari nagusiak.

Testuingurua

Politika arloan pentsioen erreformari eta lan erreformari emango diote garrantzia hurrengo urtean. Bide horretan ELAk «konpromiso publikoa» eskatu die EAJri, EH Bilduri eta Podemosi, pentsioetan murrizketarik ez onartzeko eta lan erreforma indargabetzea defendatzeko.

Lakuntzak ELAren haserrea erakutsi du Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidentearekin. Izan ere, patronalaren buruak duela aste batzuk adierazi zuen «ETArekin bizi zen erradikalitatea lan gatazka batzuetan bizitzen jarraitzen dela». Horren aurrean, Lakuntzak errespetua eskatu du eta ziurtatu du sindikatua ez dela berriro bilduko Zubiaurrerekin bere hitzak zuzendu arte.

Lakuako Gobernuari eta aldundiei ere patronalarekin bat egitea leporatu die. «Ez dute euskal eredu sindikala onartzen eta ez dute demokrazia errespetatzen», adierazi du Lakuntzak.

Etorkizunean egin daitekeen greba orokorrari dagokionez, ELAk ez du datarik jarri nahi izan, eta greba «eraginkorragoa denean eta erreformetan eragin daitekeenean» egingo dela adierazi du.