INFO
Entrevista
Gorka Prieto
UAE txirrindularitza taldeko nutrizionista

«Txirrindulari baten errendimenduaren %50 elikadura da»

Hiru hilabete nahikoa izan ziren ohartzeko ingenieritza ez zela berak nahi zuena eta elikadura ikasi zuen kirol-nutrizionista izateko. Egun, Gorka Prieto Bellver (Bera, 1990) UAE txirrindularitza taldean dabil eta bere esku dago, besteak beste, Pogacar txapeldunaren elikadura.

Gorka Prieto, UAE taldeko nutrizionista (Jon URBE/FOKU)

Ia-ia pastel bat hartu dut kafearekin baina zu nutrizionista izaki ez naiz ausartu...

(Barreak) Hartu hartu lasai, ez nago lanean, ez dizut deus erranen.

Zuk zaintzen duzu zure elikadura?

Lehenago aunitz, baina orain ez hainbertze.

Nolatan erabaki zenuen nutrizioa ikastea?

19 urterekin hasi nintzen nutrizioa ikasten. 18 urterekin ingenieritza ikasketak egiten hasi nintzen Donostian, eta hiru hilabetetara ohartu nintzen ez zitzaidala batere gustatzen.

Eta ingenieritzatik nutriziora, nolatan?

Irungo nutrizionista batera joaten nintzen eta horretaz gain, nire lehenegusina ere hasi zen nutrizioa ikasten. Ni ere animatu nintzen orduan eta egia erran, gustatu zitzaidan. Baina hasieratik izan dut garbi kirol-nutrizionista izan nahi nuela. Nire dietak ez dira argaltzeko, dira kirolarien errendimendua eta errekuperazioa hobetzeko. Ziklista batzuek argaldu behar dute, beste batzuek pisua hartu edo mantendu, baina helburua beti da esfortzu baten errekuperazioa ahalik eta azkarrena izatea. Orain pentsatzen dut 18 urte izango banitu medikuntza egingo nukeela. Osatuagoa da, dena barne biltzen du eta nutrizioa horren zati txiki bat da. 

Garaiz zaude...

Ufa, jada ez. Orain doktoretza egiten nago. 

Eta zer ari zara ikertzen?

Ba ikertzen ari naiz nutrizioak errendimenduan duen inpaktua. Dieta bakoitzak zein eragin duen, ea gehigarri bat emanda errekuperazioa hobea ote den... 2024rako bukatua beharko nuke tesia. Baina 120 egun pasatzen ditut kanpoan UAE taldearekin eta ez dut denbora aunitz; orain, oporretan nagoela tesia egiteko aprobetxatzen dut.

«Tourra munduko lastekerta garrantzisuena da eta Pogacarrekin goaz... eta "hustuta" bukatzen badu nire ardura da»

365 egunetik, 120 kanpoan? Hori gogorra izango da, ezta?

90 eta 120 egun artean egoten naiz kanpoan, baina taldeko masajistak are gehiago! Niri gustatzen zait. Tourrean tentsio handia dago bai, baina beste lasterketak ez dira horrela. Tourra munduko lastekerta garrantzisuena da eta Pogacarrekin goaz... eta "hustuta" bukatzen badu nire ardura da, bai. Baina giro oso ona dugu taldean, UAE nire bigarren familia da. Harreman hagitz ona dugu staffean, eta gainera hizkuntzak ikasi ditut, italieraz eta ingeleraz egiten dugu lan.

Iruñean ikasketak bukatu eta Madrilera joan zinen. 

Bai, han kirol nutrizioan espezializatutako master bat egin nuen eta lanean hasi nintzen txirrindularitza afizionatu talde batekin. Gero, Euskadi-Muriasen egin nituen bi urte, eta taldea desegin zenean kontaktuan jarri nintzen Joxean Fernandez 'Matxin'-ekin. Elkarrizketa batzuk egin zizkidaten eta UAEn hartu ninduten nutrizionista bezala.

Eta?

Ba WorldTour talde batera egin nuen salto! Eta gainera talde hagitz on batetara.

Baina hori ere bada ardura.

Bai, hasieran handia. Taldean errespetua irabazi behar duzu. Ni UAEra iritsi aurretik taldean ez zegoen nutrizionistarik. Ordurarte Iñigo San Millan UAEko Head Coach-ak (prestatzaile nagusia, euskaraz) erraten zuen zer egin behar zen, baina ez zegoen pauta edo protokolorik. Nutrizionistarena figura berria da eta hasieran pixka bat kostatu bazitzaidan ere, orain errezagoa da.

Beti izan duzu argi txirrindularitzan egin nahi zenuela lan?

Bai. Hagitz garbi. Txirrindularitzan eragin handia du elikadurak, inpaktu handia du. Futbolari batzuekin ere egon naiz baina niri txirrindulariekin lan egitea gustatzen zait.

Egia! Zu gorritxoa zara, ezta?

Ez ez, ni Errealekoa!

Bai? Baina zure sare sozialetan osasunako argazkiak partekatu dituzu...

Bai, baina hori da Osasunako jokalari batzuekin egiten nuelako lan, eta noski, partidak ikustera ere joaten nintzen. Baina ni errealekoa naiz, hagitz!

Noiztik ematen zaio txirrindularitzan hainbesteko garrantzia elikadurari?

Nik errango nuke betidanik ematen zaiola garrantzia baina orain hagitz profesionalizatuta dago. Hagitz zehatza da dena: zikilistak duen pisuaren arabera, etaparen arabera... dena dago neurtua. Hori bai, pisuan egotea oso garrantzitsua da kirol honetan.

«Denboraldi hasieran txirrindulari bakoitzarekin hitz egiten dut eta lanean hasten gara dituen erronken arabera. Helburua da lehiara iristea ahalik eta konposizio onenean hasieran jarritako helburu horiek lortzeko»

Eta zure metodologia zein da?

Nik banakako lana egiten dut. Denboraldi hasieran txirrindulari bakoitzarekin hitz egiten dut eta lanean hasten gara dituen erronken arabera. Helburua da lehiara iristea ahalik eta konposizio onenean hasieran jarritako helburu horiek lortzeko. Egiten duten entrenamenduaren araberako dieta bat jartzen diet, lehia egunak beste kontu bat dira. Adibidez, eskalatzaileekin potentzia-pisua harremana garrantzitsua da. Jakin behar da zenbat batio mugitzen dituen txirrindulari bakoitzak daukan pisuaren arabera, eta horrekin denboraldi osoa planifikatzen da ahalik eta pisu egokienean iristeko lehiara eta errekuperazioa ahalik eta onena izateko.

Egunero duzu kontaktua txirrindulariekin?

Gutxienez astean behin badut kontaktua, baina batzuekin egunean bizpahiru aldiz egoten naiz telefonoz. Batzuei gustatzen zaie egunero deitzea eta arreta gehiago behar dute. Hala ere, guk UAEn badugu aplikazio bat eta hor dena apuntatzen da. Entrenatzaileak entrenamendua sartzen du eta nik horren araberako nutrizio planifikazio bat egiten dut. Ez da pauta orokor bat ematen dutena, baizik eta entrenamendu bakoitzaren araberako dieta bat.

Orduan, badakizu gaur zer jan duen Pogacarrek?

Ez, ez. Gaur ez (irribarrez). Nik menua prestatu diot baina ez dut egunero deitzen. Hori bai, Tourrean zer jan zuen galdetzen badidazu, hori bai badakit, ondoan nintzelako. Sukaldariak prestatzen du janaria, eta txirrindulari bakoitzak bere otordua neurtzen du baskula batekin.

«Etapa bakoitza amaituta, txirrindulariek haien datuak igotzen dituzte UAEko aplikaziora eta hor ikusten dut zenbat batio mugitu dituen bakoitzak, eta egindako esfortzuaren araberarakoak dira otorduak»

Zuk dieta diseinatu, sukaldariak sukaldatu eta txirindulariak neurtu.

Bai. Orain lasterketetan gure sukaldari propioak ditugu eta dena dago neurtuta. Tourrean eta Vueltan, adibidez, lehenagotik dena planifikatzen dut, mugituko dituzten batioen aurreikuspen bat egiten dut prestatzailearekin eta sukaldariak aurretik badakite zer egin behar duen. Etapa bakoitza amaituta, txirrindulariek haien datuak igotzen dituzte UAEko aplikaziora eta hor ikusten dut zenbat batio mugitu dituen bakoitzak, eta egindako esfortzuaren araberarakoak dira otorduak.  Txirrindulari bakoitzak baskulan neurtzen du bere janaria, dena dago protokolizatua.

Sukaldari propioak izatea abantaila da?

Bai, orain WorldTour talde batean gaude eta sukaldaria dugu. Murias taldearekin, adibidez, ez genuen. Hoteleko sukaldariari esan behar nion zer prestatu behar zuen. Orain, gure sukaldariak furgoneta batean egiten du lan eta gero hotelean egiten ditugu otorduak.

Ehunekotan, zure ustez, elikadurak zein eragin du txirrindulariaren errendimenduan?

Ehunekotan? %50.

Hainbertze?

Lasterketan, bai. Baina, noski, horren aurretik entremandendu on bat behar duzu izan, oinarri on bat. Hala ere, nahiz eta ongi entrenatu, gaizki jaten baduzu errendimendu onik ez duzu izanen eta errekuperazio txarra izango duzu gainera. Eta hori oinarrizkoa da 21 etapako itzuli batean. 

Eta errekuperazio ona izateko oinarria zein da?

Karbohidatroak. Ez ehuneko ehunean, baina bai zati handi batean: arroza, pasta, fruta... Txirridnularitzan, behintzat, bai. Nik garrantzi handia ematen diot karbohidratoari. Normalean, 90 gramo karbohidrato hartzen dute orduko. Hori da gomendioa. Garai bateko txakalaldiak gaur egun ez dira ematen. Dena dago kontrolatuta. 15-20 kilometroro puntuak daude, zuzendariak dio non jarri eta nik erraten dut bidoi bakoitzak zer daraman. Karrera hasi aurretik, autobusean bertan azaltzen diet zer behar duten jan, zenbat karbohidrato hartu behar dituzten. Txirrindulariek hori oso barneratuta dute. Etapa bukaeran galdetu eta zehaztasunez esango dizute: 4 bidoi malto (maltodextrina, karbohidrato mota bat), 5 barratxo eta 6 gel hartu dituztela.

Erran nahi duzu Indurainek gel bat hartu izan balu Les Arcsen...

Txakalaldi bat glukosa jaitsiera bat da, eta horren aurrean egin behar duzun gauza bakarra da jatea. Egia da, sentsazioa ez dela bera eta txirrindularia 'hustuegi' egon daitekela. Baina, esandakoa, orain dena protokolizatuta dago, eta horrelakorik ez da gertatzen. Beharrezko energia lortzeko, etapa batean karbohidrato asko hartzen du txirrindulari batek, baina digestio sistema ere entrenatu egiten da horretarako, gero lasterketan arazorik ez izateko.

Eta hainbertze gel hartzea, epe luzean, ez da kaltegarri?

Txirrindulari profesionalentzat ez, egiten duten esfortzuaren araberakoa delako ahorakina. Eserita bazaude egun osoan, edo mendi buelta txiki bat egiten baduzu eta gel asko hartzen baduzu, bada ziurrenik diabetes bat diagnostikatuko dizute. Baina txirrindulariek behar dute hori dena energia sortzeko.

Zer pentsatzen duzu modan dauden kirol dieten inguruan? Keto dieta, adibidez?

Keto dieta txirridularitzan ez da erabiltzen, ez behintzat lasterketetan. Dieta hori jarraitzen badute hilda daude. Baina beti testuingurua hartu behar da kontutan. Moda asko daude eta nire lanak eskatzen du oso aktualizatuta egotea denbora guztian. Orain, tendentzia pertsonalizaziora doa. Iñigo San Millan UAEko errendimendu arduradunak asko ikertzen du. Bera Coloradon dago eta metabolomikan dago zentratua. Txirrindularien errekuperazioa nolakoa den ikertzen ari da, hori baita garrantzitsuena. Gorputzeko metabolito parametroetan informazio asko jaso daiteke, eta horrek erlazio zuzena du errekuperazioarekin. Hori jakinda, entrenamendua eta nutrizioa are gehiago pertsonalizatuko dira.

Iñigo San Millanek asko hitz egin du mitokondriaz ere.

Bai. Malgutasun metabolikoa garrantzitsua da. Malguntasun ona izatea da zure gorputzak, kirol intentsitatearen arabera, gantzak eta karbohidratoak ehuneko egokian erretzea. Mitokrondria horregatik da garrantzitsua, bertan energia sortzen delako gantz eta karbohidratoei esker. Iñigo San Millan da gai honetaz gehien dakiena ikerketa aunitz egin dituelako. Baina hori biologia molekularra da...

Iruditzen zait txirrindularitzan ez dela existitzen proba/akatsa metodoa, dena dagoela kalkulatuta, alegia.

Lan guztia aurretik egin behar da. Horregatik da inportantea ere trantsizio bat egitea. Lehendabizi jubenilekin lan egin, amateurrera pasa, promozio maila eta gero WorldTour. Baina, Pogacarrekin ezin zara gauzak probatzen aritu; ez behintzat datorren urtean lan egin nahi baduzu. 

Askatasun osoa duzu zure lanean?

Bai. Lehenago medikuek egiten zuten nire lana baina orain nutrizionistaren figura dago. Taldeko aplikazioan nire dietak erregistratuak daude, baita entrenamenduak ere; dena. Gertatzen den guztiaren zergatia jakin behar dugu.

Euskal Herrian txirrindulari aunitz badaude, profesionalak ez izan arren serio hartzen dutela dietarena...

Bai. Nik, adibidez, juniorrak ez ditut hartzen. Guraso batzuek deitu ditate baina nik beti ezetz erraten dut. Ikaste prozesuan daude oraindik, eta goizegi da nire ustez adin horretan entrenatzaile, nutrizionista eta potentziomentroarekin lan egitea. Hori juniorretan egiten badute, gero profesionaletan zer? Hobekuntza tartea oso txikia da. Nire ustez kategoria txikiagoetan dena dago profesionalizatuegia.

«Hau nire bigarren urtea da UAEn eta badakit nolakoa den bakoitza, eta badakit nor deitu behar dudan maiz. Batzuei gustatzen zaie aginduak jarraitzea, bertze batzuei zer jan aholkatu behar diezu»

Eliteko kiroletan gero eta gehiago aditzen dira anorexia kasuak. Eta txirrindularitzan hain garrantzitsua denez pisua, hori nola zaintzen duzue?

Bai, hori egia da. Eta horregatik hitz egiten dut txirrindulari batzuekin egunean hiru aldiz. Bertze batzuek ez dute jarraipen hori behar, nahikoa da astean behin solastuta. Nire lanean enpatia oso inportantea da. Hau nire bigarren urtea da UAEn eta badakit nolakoa den bakoitza, eta badakit nor deitu behar dudan maiz. Batzuei gustatzen zaie aginduak jarraitzea, bertze batzuei zer jan aholkatu behar diezu... Pisua kontrolatzerakoan, nik pleguak hartzen dizkiet, grasa portzentajeak. Hori da garrantzitsuena. Txirrindulariak ongi dakite zein den bere pisu ideala, bi kilo gehiago edo gutxiago aunitz nabaritzen da.

Argi geratu da dietaren garrantzia...baina, txirrindulariek ere izango dute aukera "guilty pleasure" batentzako, ezta?

Bai, noski. Orain denboraldia bukatu da eta oporrak dituzte. Nik esaten diet 10 kilo gehiagorekin ez bueltatzeko, batez ere, gero jaitsi behar direlako... Batzuei gomendio orokorrak ematen dizkiet, baina orain atseden hartu behar dute.

Probatu al dute txirrindulariek Berako txistorra? Zure familiak badu haragitegi famatu bat: Errotazar.

Ez ez! Ez diet sekula eraman. Hori bai, Euskal Herriko itzulian staffeko kideei eraman nien aitak eta osabek egiten dute foie-a. Baina txirrindulariei ez. Staffean oso giro ona dugu. Gainera, handitzen ari den talde bat da, aurten fitxaje berriak egin ditugu: Mark Soler, Joao Almeida, Pascal Ackermann... Jende aunitz blokea hobetzeko.