INFO

Helbururik handienekin lehiatuko da Euskal Selekzioa junior mailako Europako txapelketan

Herbeheretan jokatuko den joko zuzenen lehiaketan beste bost herrialde lehiatuko dira; Italia, Belgika, Ingalaterra, Valentzia eta Herbehereak, llargues, joko zuzena eta Wall ball espezialitateetan.

Euskal Selekzioko partaideak federazioaren Abadiñoko egoitzan. (EEPF)

Helbururik handienekin bidaiatuko du Euskal Pilota Selekzioak asteburu honetan Herbeheretako Franeker herrian jokatuko den Europako junior mailako Europako txapelketara. C.I.J.B. edo joko zuzenen nazioarteko federakuntzak antolatzen duen junior mailako hirugarren ekitaldia izango da honako hau eta aurreko bietan jasotako emaitzak hobetzeko helburua jarri diote euskaldunek euren buruari, espezialitate honetan gurean ematen ari den suspertzea nolabait berretsi asmoz.

Euskal Herriaz gain, Italia, Belgika, Ingalaterra, Valentzia eta etxeko taldeak, Herbehereak, hartuko dute parte hiru espezialitate desberdinetan: Llargues, Joko Internazionala eta Wall Ball-a. Llargues eta Internazionala zuzenean jokatzen diren modalitateak dira (tenisean jokatzen den moduan adibidez) eta gure Bote Luzearen, euskal pilotaren modalitaterik zaharrenaren,  egituraketa bera dute. Talde bakoitza 5 pilotariz osatuta dago eta 2 ordezko egon daitezke. Zenbatzeko modua 15-30-40 eta jokoa da eta irabazleak 6 joko egin beharko ditu. Modalitate bakoitzean joko eremuaren neurria eta pilota aldatzen da bakarrik.

Wall Ball-a pilota joko ez zuzena, hormaren kontra jokatzen dena hain zuzen ere. Hori bai, joko eremuak horma bakarra du eta frontis-ean ez du txaparik. Banaka eta bikoteka jokatzen den jokamoldea da. Partidak 21 tantotako 2 jokotara jokatzen dira eta berdinketa badago, hirugarren jokoa 11 tantotara jokatzen da. Gomazko pilota batekin jokatzen da (gure frontenis-an jokatzen denaren oso antzekoa).

14 neska-mutil

Denera, 2002tik 2007ra jaiotako 14 neska-mutilek osatuko dute Euskal Selekzioa: Ibai Arroitajauregi, Jon Gerrikabeitia, Aner Iglesias, Igotz Bilbao, Oier Hormaetxe eta Lier Arrien bizkaitarrak eta Aimar Amondo arabarra mutiletan eta Enara Gaminde bizkaitarra, Laia Salsamendi eta Ane Miren Mendiburu nafarrak,  Maddi Berrocal, Naroa Agirre eta Miren Larrate gipuzkoarrak eta Leire garai arabarra nesketan. Jose Mari Mitxelena izango da joko zuzenetako hautatzailea eta Ekhi Ziarrusta wall Ballekoa.

Aitor Erauzkin, Euskadiko Pilota Federakuntzako zuzendari teknikoak azaldu duenez, «Oso ondo prestatu dugu txapelketa, entrenamendu asko egin ditugu eta neska-mutikoak oso motibaturik doaz. 2017an Valentzian hartu genuen parte lehen aldiz txapelketa honetan, eta mutiletan bakarrik hartu genuen parte, eta tituluren bat eskuratu genuen. 2019an neskak ere lehiatu ziren eta zenbait urre, zilar eta brontze lortu genituen eta oraingo honetarako oraindik gogorrago entrenatu gara eta emaitza handiak lortzea espero dugu».