INFO

Jatorrizko neurrira txokolatez egindako Picassoren `Guernica´, Parisko Salon du Chocolat-era

Picassoren `Guernica´, euskal gozogileek txokolatez eta jatorrizko neurrira egindakoa, izango da txokolategintzan mundu mailan burutu ohi den gertakaririk garrantzitsueneko erakargarri nagusia, Parisko Salon du Chocolat-en, urriaren 28tik azaroaren 1era.

Txokolategintzako hitzordurik garrantzitsuenean erakutsiko dute Euskal Herri osoko artisauek egindako `Guernica´.

Jatorrizko neurrira txokolatez egindako Picassoren `Guernica´ Parisko Salon du Chocolat-en erakutsiko dute. Txokolatearen arloan mundu mailan urtero egin ohi den gertakaririk garrantzitsuena da.

Euskal Herri osoko artisauek aurkeztuko dute koadroa, Lakuako eta Euskal Elkargoko ordezkariekin batera. Urriaren 28tik azaroaren 1era izanen da erakusketa, eta 27an inaugurazio ekitaldia eginen da.

Asteazken honetan iragarri du Euskal Gozogileak federazioak Parisen izanen direla, Donostiako Tabakaleran emandako prentsaurrekoan. Bertan izan dira Lorena Gomez eta Bernardo Mendibe, federazioko lehendakaria eta aholkularia, hurrenez hurren; Gerald Palacios, Salon du Chocolateko lehendakaria; Celine Paries, Maison Paries euskal zigiluko ordezkaria, Donibane Lohizunen kokatua eta Parisko ekimenaren antolatzailea; baita avier Plasencia Lakuako Kalitatea eta Elikadura Industriak saileko zuzendaria ere. Euskal Elkargoko ordezkari Joseba Erramundeguy bertan egotekoa zen, baina ezin izan du azkenean eta idatzi bat bidali du.

Euskal ordezkaritzaren bitartez, lehen aldiz izango da azoka honetan merkataritzakoa ez den marka bat (Euskal Gozogileak), baita Hego Euskal Herriko artisau gozogileak ere. Berez, euskal ordezkaritza mugaz gaindiko euskal talde bezala joango da, Bidasoaren bi aldeetako instituzioen ordezkaritza baten babespean.

Ekimeneko lehendakariak, Gerald Palaciosek, adierazi du miresgarria izan dela euskal txokolategileek Picassoren `Guernica´ omentzeko erakutsi duten maisutasuna. «Bere edertasunak leku eta publiko egokia aurkituko du Parisen, duela 25 urtetik munduko artisau eta artista handienen sorkuntzaren emaitzak erakusten diren erakusketan». 

`Guernica´ Parisen pintatu eta bertako Erakusketa Unibertsalean erakutsi zen lehen aldiz 1937an, Picasso han atzerriratuta zela. «Ohore handia da koadro ospetsu hau berriro jatorrira itzultzea, 84 urte geroago, forma berri batekin, baina hala ere egundokoa», erantsi du.

Nortasun handiko inaugurazioa

Euskal txokolategileek eta euren `Guernicak´ nortasuna emanen diote Parisko aurtengo jardunari. Inaugurazio ekitaldia `Samina eta Bakea´ izeneko koreografia batekin hasiko da, Mikel Laboaren `Gernika´-ren zati batekin. Maialen Urdanpilleta donostiarra izanen da dantzaria. Jarraian, txokolatez egindako jantzien desfilea eginen da, eta horien artean hiru euskal txokolategileek egindakoak izanen dira, pintura koadroko irudietan inspiratuta.

Desfilearen ondoko agertoki batean, koadroa bera aurkeztuko dute, berriro ere koreografia batekin, kasu honetan Mikel Laboaren `Txoriak Txori´ musikarekin.

Hasiera ekitaldia bukatuta, harrera eginen diete euskal ordezkariei azokako eremu pribatu batean.

40 artisau ingururen lana

Euskal Gozogileak elkarteko eledunek azaldu bezala, txokolatezko koadroa Euskal Herri osoko 40 artisau inguruk landu zuten, apirilaren 25ean, bonbardaketaren 84. urteurrenaren bezperan Gernikan egindako ekitaldian aurkezteko. Maiatz osoan egon zen hango industria pabilioi batean erakusgai, eta ondoren Bilboko Alondegia kultur zentrora eraman zen, bertan astebetez erakusteko. Abuztu osoan Oñatin izan da ikusgai.

Koadroa lantzeko 400 kilo txokolate garau galdatu ziren, CacaoBarry markak oparitutakoak. Ehun ordu baino gehiago behar izan ziren lana bukatzeko, 13 egunetan banatuta. Orain konponketa lan sakona egin behar izan da Parisera eramateko moduan jartzeko.

`Guernica´-k ehunka bertsio dauka mundu zabalean, material hagitz desberdinetan landutakoak: egurra, metala, papera, harria... «Zergatik ez txokolatezko `Guernica´ bat?, galdetu genion gure buruari, hori baita guk maneiatzen dakigun materiala. Eta horrela ekin genion obra lantzeari», oroitu du Federazioko lehendakari Lorena Gomezek.

«Obra zailak landu izan dira txokolatez, bai tamainan eta bai teknikan, baina orain arte munduan inor ez da ausartu arte obra bati ekiteko erantzukizun eta ardurari aurre egiten, agian munduan ezagunena den pintura obrari eusten gainera».

Gaineratu duenez, ideia ondu ahala, iruditu zitzaien Euskal Herri osoko artisauen lana izan behar zuela.

Baionako azken txokolategileak

Celine Pariesek Maison Pariesek Ipar Euskal Herrian dauzkan sustraiak nabarmendu ditu. «Baionako azken txokolategileak gara, jatorrizko sortzaileekiko familia lotura zuzenari dagokionez. Gure obradoreak 125 urte baino gehiago darama Euskal Herrian, Donibane Lohitzunen azken urteetan, eta handik eraman ditugu beti gure produktuak Paris edo Bordele bezalako hiri frantsesetara, baita Donostiara ere», adierazi du.

«Harro gaude abentura honetan parte hartu izanagatik eta ziur gaude etorkizunean ere fruituak emango dituela beste proiektu batzuekin», azpimarratu du.

Elkarlanerako gogoz 

Antzerako hitzekin mintzatu da Euskal Elkargoko ordezkaria ere, Joseba Erramundeguy. «Lan honek erakusten du mugaz bi aldeetako artisauek gaitasuna eta gogoa dutela elkarrekin lan egiteko, itxaropena sortzen du etorkizun partaidetu baten ildoan eta gu prest gara Eusko Jaurlaritzarekin batera horrelako ekimenak bultzatu eta babesteko», erran du.

Lakuako Gobernuko Javier Plasenciak agertu du «pizgarri berezia» dela haientzat ere «mugaz gaineko herri izaera daukan ekimen» honetan izatea, «norantza horretako etorkizuna lantzeko asmoarekin».