INFO

Hizkuntza gutxituak aitortzeko deia egin dute nazioarteko adituek Suitzako Grisonian

Europako 15 herrialdetako 35 aditu, tartean Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao, Müstairren bildu dira (Suitzako Grisonia kantonamenduan) bi egun eta erdiz, beren egoera linguistiko, kultural eta ekonomikoaz hitz egiteko eta elkarlanerako bidea irekitzeko.

35 aditu bildu dira Suitzako Grisonian egin den mintegian. (KONTSEILUA)

Convivenza Gutxiengoetako Nazioarteko Zentroak eta Eurac Research akademiak antolatuta egin dituzte, bi egun eta erdiz, hizkuntza gutxituen errealitateak aztertzeko mintegiak Müstairren, Europako Kontseiluaren Tokiko eta Eskualdeko Agintarien Biltzarraren babespean.

Orotara, Europako 15 herrialdeko 35 aditu elkartu dira hitzorduan, tartean Euskal Herriko 30 gizarte eragile biltzen dituen Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia, Paul Bilbao.

Hizkuntza-eskubideei dagokienez egun babesgabe dauden Europako milioika herritarren hizkuntza-komunitate gutxituei aitortza ofiziala egin dakien aldarrikatu eta Estatuek eskubideen bermeari begirako neurriak har ditzaten deia zabaltzeko beharra adostu dute.

Diagnostikoa eta erronkak

Mintegiaren aurretik parte hartzaile bakoitzak bere hizkuntzaren eta errealitatearen diagnostikoa prestatu eta bidali zuen, bateratze ariketa egin zezaten: «Euskararen kasuari dagokionez, une oro presente egon da bi Estatutan eta bi autonomia-erkidegotan egotearen ondorioz hizkuntzaren estatusa desberdina dela, eta ondorioz, hizkuntza-eskubideen aitortza ere horien arabera bereizi behar dela» azaldu du Kontseiluko ordezkariak.

Bateratze-lan horren aurkezpena izan da adituek etorkizuneko lehentasunak definitzeko erabili izan duten euskarria. «Mintegian izan garenok azpimarra jarri dugu Europako berezko hizkuntza-komunitateei aitortza ofiziala egin behar zaiela, eta aitortza horrek ondorio zehatzak izan behar dituela eskubideen bermeari begira» gaineratu du Bilbaok.

Euskararen inguruko datuez gain, galizieraren, tatareraren, ladiniarraren, sorabieraren, frisieraren, korsikeraren, kaxubieraren… eta bestelako hizkuntzen datuak zein egoerak ere kudeatu dituzte parte hartzaileek. «Tamalez, ohartu gara egun Europako milioika herritar erabat babesgabe daudela hizkuntza-eskubideei dagokienez» azaldu du Kontseiluko bozeramaileak.

Diagnostikoa aztertu ondoren eta etorkizuneko lehentasunak identifikatuta, mintegian parte hartu duten adituek etorkizuneko politikek hartu beharreko neurriak zehaztu dituzte Gobernuaren ikaskuntza-espirala delako metodologia baliatuz.

«Geure aldetik –esan du Bilbaok–, gogoratu dugu 2016an, Hizkuntz Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren bidez, hogeita hamar hizkuntza gutxituren alde lan egiten duten ehundik gora eragilek bide-orria zehaztu genuela, bai eta lehentasunezko eremuak identifikatu ere».

Horrela, aipatu metodologia baliatuz bost esparrutan bildu dira parte-hartzaileak etorkizuneko ildoak zehazteko: Estatuak, eskubideak eta betebeharrak; arrakasta lortzeko auto-antolaketa; ingurune digitala; hizkuntza eta parte-hartzea; hezkuntza. «Horiek definituta eremu bakoitzeko lehentasunak eta ekintza-planerako proposamenak zehaztu ditugu» azaldu du.

«Esperientzia aberasgarria izan da, eta espero dezagun bertan ateratako ondorioak behar bezala zabaltzea, berandu baino lehen, hizkuntza-komunitate gutxituei aitortza ofiziala egin dakien eta eskubideen bermeari begirako neurriak har ditzaten», adierazi du Bilbaok.