INFO

Karabeleko, ekonekazaritza eta birgizarteratzea uztartzen

Karabeleko elkarteak zazpi hektarea lantzen ditu Hernani eta Astigarragako lursailetan, hamabi lagun ari da bertan lanean eta astero 250 saski inguru prestatzen dituzte kontsumo taldeko kideen artean banatzeko.

Karabeleko elkartean hamabi lagun ari dira lanean eta beste zortzi terapia okupazionala hartzera joaten dira. Gorka RUBIO | FOKU

Nekazaritza ekologikoa sustatzen duten proiektuak asko daude, baina buruko gaixotasunen bat duten pertsonen birgizarteratzearekin uztartzen dituztenak, oso gutxi. Horien artean aitzindaria da Hernaniko Karabeleko elkartea.

Agifes, Blasenea eta Kimu Bat entitateek 2013an abian jarri zuten proiektu esperimentalak oinarri sendoak sustraitzea lortu du zortzi urte hauetan: 72.000 metro karratu lantzen dituzte, guztia ekologikoan eta 30 barazki mota baino gehiagorekin, hamabi lagun ari da bertan lanean eta astero 250 saski inguru prestatzen dituzte kontsumo taldeko kideen artean banatzeko.

Zenbaki horiek argi uzten dute Karabeleko Gipuzkoako ekonekazaritza ustiategirik handiena bilakatu dela. Baina zenbaki hutsetatik harago, proiektuaren atzean sentsibilizazioa bultzatzeko helburua dago: nekazaritza ekologikoaren kulturaren ingurukoa, alde batetik, eta buruko gaixotasuna duten pertsonen birgizarteratzearen ingurukoa, bestetik.

Elkarteko arduradun Amaia Odriozolak azaldu duenez, asteroko saski horietan bertan landatutako barazkiak banatzen dituzte, baina Karabel auzoan duten dendan edota app-aren bitartez aukera dago inguruko beste ekoizleen elikagaiak ere erosteko: esnekiak, arrautzak, ogia, lekaleak, fruta, fruitu lehorrak…

Aurten ahalegin berezia egiten ari dira ahalik eta barazki eskaintza handiena bertan ekoitzitakoa izan dadin. «Eskaintza osatzeko batzuetan kanpotik erostera behartuta geunden, baina aurten ahalegin berezia egin dugu kanpoan ahalik eta gutxien erosteko».

Horretarako, azken urte honetan inbertsio handia egin dute makineria berria erosten, baita lursail gehiago eskuratzen ere. Horrela, Karabeleko elkartearen sailak Hernaniko Karabel auzoa eta Astigarraga artean banatuta daude, eta aurten Zikuñaga paper-fabrikarekin akordioa sinatu dute beste hektarea bat eskuratzeko; guztira, 72.000 metro karratu.

Negutegiak badituzte, baina metrorik gehienak aire librean dituzte. «Hori izango litzateke gure ezaugarri nagusia, ze Gipuzkoan oso gutxi ekoizten da aire librean», nabarmendu du Amaia Odriozolak.

Produkzio guztia ekologikoan izateak bere zailtasunak ditu. Jakina den bezala, izurriteen aurrean ezin dute produktu kimikorik erabili. Horren ordez kontrol biologikoa egiten dute, eta hori bereziki zaila da Kantauriar isurialdean. «Nafarroa hegoaldean klima lehorragoa da eta errazagoa da, baina hemen asko kostatzen da, ez da batere erraza», azaldu du Amaiak.

Horretaz gain, ongarriek ere ezin dute kimikoak izan. Ondorioz, simaur eta konpost tona asko erabiltzen dute. «Saiakera batzuk egin ditugu geure konposta egiteko, baina metro karratu asko ditugu eta simaur eta konpost kamioi asko ekarri behar izaten ditugu gure beharrak asetzeko», esan du Amaiak. Zentzu horretan, Hernaniko Telleri Zahar baserriko ardien gorotzak erabiltzen dituzte beren baratzetako lurrak era naturalean ongarritzeko.

Saskietan eta dendan –aurrez aurrekoan zein birtualean– saltzen dutenetik aparte, Karabeleko elkarteak dendetara eta jatetxeetara ere eramaten ditu bere barazkiak. Pandemiaren eraginez, jatetxeetako eskaera asko jaitsi da eta batzuek utzi egin diote barazki ekologiko hauek erosteari. «Lehen hogei bat jatetxe baziren, orain erdira jaitsi da kopuru hori», zehaztu dute, baina Karabeleko elkarteko arduradunek pandemia aurreko kopuruetara iristeko asmoa daukate.

Bestalde, barazki berrien esperimentazioan ere lanean ari dira, bai publikoarentzat bai barazkigintza ekologikoaren sektoreko profesionalentzat. Horrela, bertako lurretara ondoen egokitzen diren barazkiak bilatzen dituzte eta, aldi berean, bezeroari gehien gustatzen zaizkion produktuak identifikatzen saiatzen dira. Arrakasta handiena duten produktu berrien artean, galiziar aza edo «kale» eta txinatar aza edo «pak choi» aipatzen ditu Amaia Odriozolak.
Azkenik, nekazaritza ekologikoari buruzko ikastaroak eskaintzen dituzte, eta instalazioak ezagutzeko bisita gidatuak antolatzen dituzte.

Errehabilitazio zentroa

Ekonekazaritza arloko etxaldea izateaz gain, buruko gaixotasuna duten pertsonei eta baztertze arriskuan dauden beste kolektibo batzuei zuzendutako errehabilitazio psikosozialerako zentroa ere bada Karabeleko. «Gure helburua pertsona horiei gizarteratzen eta laneratzen laguntzea da», esan du Amaia Odriozolak.  

Hala, iaz Enplegu-zentro Berezi izendatu zuten. «Horrek esan nahi du bertako langileen %70, gutxienez, desgaitasuna duena izan behar duela. Gure kasuan, eta bultzatzaileetako bat Agifes denez, buruko osasunean espezializatu gara. Kontuan hartu behar da, gainera, baratzeko lana kanpoan egiten dela eta hori oso ondo datorkiola kolektibo horri», azaldu du Amaiak.

Enplegu-zentro Berezia izateak eskaintzen duen beste berezitasun bat da lan babestua dela, hau da, «momentu guztietan, produkzioko laguntzaile bat daukatela, lana beraien beharretara moldatzeko». Horretarako, psikologo baten laguntza ere badute.