INFO

Turkiak hamar enbaxadore, tartean AEBetakoa, «persona non grata» izendatu ditu

Osman Kavala Parisen jaiotako ekintzaile turkiarraren askapena eskatzeko hamar enbaxadak egindako deialdi bateratuaren ondoren hartu du erabakia Erdoganek.

Parisen jaiotako Osman Kavala ekintzaile turkiarra Istambulen hitza hartzen. (AFP)

AEBetako, Kanada, Frantzia, Finlandia, Danimarka, Alemania, Herbehereak, Zelanda Berria, Norbegia eta Suediako enbaxadek adierazpen bateratua kaleratu dute Ankaran, Osman Kavala ekintzailearen berehalako askapena exijituz.

Kavala preso daukate lau urte baino gehiagoz «protesten antolatzailea» eta «estatu kolpe saiakera bateko partaide» izateaz akusatuta. Hala ere, ez da inoiz horregatik zigortua izan.

Hamar enbaxada hauen mugimenduarekin batera, Europako Kontseiluak azken ohartarazpen bat igorri zion Turkiari, Europako Giza Eskubidearen Auzitegiak Kavalaren askatasunaren alde hartutako ebazpena bete dezan eskatuz.

Erdoganek ez ditu onartu mehatxu kutsu sumatzen dien eskaera horiek eta «non grata» izendatu ditu hamar herrialde horien enbaxadoreak. Normalean, izendapen horrek estatus diplomatikoan aldaketak ekarri eta kanporaketa baten seinale da, eta horren jakitun jardun da Turkiako presidentea. Bere hitzetan: «enbaxadore koadrila hori ez da inor guri lezioak emateko eta hautu garbia egin beharko dute: edo Turkia ulertzen dute edo Turkia utzi behar izango dute».

Datorren astearterako deituta

Datorren astearterako deitu ditu Turkiako kanpo harremanetarako ministroak hamar enbaxadoreak, eta bertan «beren jokaldi arduragabeagatik» kargu hartuko diela aurreratu da.

Oraingoz hamar herrialdeek isiltasuna gordetzen dute baina bistan da hamarrekin batera borroka diplomatiko berri batean sartzeak tentsio handia gehituko ziola jada oso tirabiratsuak diren harreman batzuetara.

Osman Kavala 2013an izandako protesten antolatzaile izatearen kargutik libre geratu zen iaz, baina epaitegia uzten zuen une berean berriz atxilotua izan zen. Epaia errekurritu eta kargu berriak ezarri zizkioten: kasu honetan, Erdoganen kontrako 2016ko estatu kolpe saiakeran parte hartu izana.

Kavalak ukatu egin ditu akusazio guztiak eta berarekin egiten ari direna, Erdoganen kritikoentzat, disidenteak jazartzeko politika krudel baten adibidea da.
Argazki-oina: