INFO

Israelek etxebizitza berriak eraikiko ditu Zisjordaniako kolonietan

Zeev Elkin Israelgo Etxebizitza ministroak gaur iragarri duenez, 1.355 etxebizitza eraikiko dituzte okupatutako Zisjordaniako kolonietan.

Ariel Zisjordaniako kolonia sionistarik handiena da. Oso gertu kokatzen da Marda, Arbizurekin senideturiko herri palestinarra. (Jack GUEZ/AFP)

«Eraikuntza denbora luzez geldirik egon ondoren, ongietorria ematen diot lizitazio honi. Judean eta Samarian (Zisjordania) kokaleku juduak mantentzen jarraituko dut», adierazi du Zeevek militarki okupatutako lurralde palestinar honetako zazpi kolonietako eraikuntza planei buruz.

Unitate kopuru handiena (729) Arielen aurreikusten da, Zisjordania iparraldean, eta ondoren Beit El-en (346), biak ala biak NBErentzat «legezko baliorik ez duten asentamenduak». Erakundearen ustez, nazioarteko zuzenbidearen aurkako «urraketa nabarmena» da.

Naftali Benet ministroak Palestinaren gaitzespena duten plan polemiko hauek aurreratu zituen. Mossi Raz diputatu israeldarrak, Meretz Gobernuaren alderdikoa, gogor kritikatu zuen neurria, «Israeldik kanpoko kokaguneetan eraikitzeak Israeli kalte egiten dio», esan du.

Donald Trumpen AEBko administrazioak Zisjordaniako okupazioa onartzen zuen, nazioarteko komunitateak politika horren kontra egin bazuen ere. Izan ere, aurreko presidente estatubatuarrek zein ondorengoak, Joe Bidenek, ez dute jarduera hori babesten.

Israelgo Defentsa Ministerioak abuztuan beste iragarpen bat egin zuen. Esan zuen Zisjordania okupatuan palestinarrentzako mila etxebizitza inguru eraikiko zituela. Agindu hori keinu estrategikotzat ikusten da AEBetako gobernuaren eta Palestinako Aginte Nazionalaren aurrean.