Durangoko Udalak ez ditu jaso bost hilabeteren ondoren airearen kalitatearen Lakuaren txostenak
Bost hilabete geroago Durangoko Udalak ez ditu jaso Lakuako Gobernuak airearen kalitateari buruz egindako ikerketaren emaitzak. Honekin batera, airearen egoera txarrari aurre egiteko baliabideak beharrezkoak direla nabarmendu du Durangoko Udalak.
Durango Udalak salatu duenez, bost hilabete geroago ez ditu oraindik jaso Lakuako Gobernuak airearen kaliteteari buruz egindako neurketen emaitzak. Honekin batera, aire txarrarekin zerikusia duten azken gertakarien ondotik baliabideak handitzeko eta herritarrak egoera horitetatik babesteko protokoloak sortu behar direla gaineratu du Udalak.
Maiatzaren 7an Lakuak behin-behineko datuak eman zizkion Durangoko Udalari, datu osoak lau asteko epean emango zizkiola adieraziz. Halere, ia sei hilabete pasa direnean oraindik ez ditu jaso.
Hori dela eta, irailaren 27an berriro jarri zen Udala Lakuako Ingurumen sailarekin harremanetan emaitzak berriz eskatzeko eta airearen kalitatea hobetzeko neurriak eskatzeko. Eskaera honen erantzunik ere ez dute jaso.
Horren harira, Jorge Varela eta Aritz Bravo udal bozeramaileek Lakuak Durangon jarduteko beharra nabarmendu dute: «Eusko Jaurlaritzaren konpromiso argia behar dugu Durangoko eta Durangaldeko kutsadura desagerrarazteko. Hitzek bakarrik ez dute balio, ekintzekin batera ez badatoz. Gai honen gaineko eskumena Eusko Jaurlaritzarena da, eta horrek ez digu maniobrarako tarte handirik uzten. Onartezina da Eusko Jaurlaritzak baliabide nahikorik ez duela esatea edo Durangaldeko Mankomunitateko presidenteak presarik ez dagoela esatea. Eusko Jaurlaritzaren erantzukizuna da eta herritarren osasuna zaintzeko baliabideak handitu behar ditu».
Ildo horretan, berriro adierazi dute Lakuak ez duela neurririk hartu Durangoko Udalak 2020an egindako azterlana aurkeztu ondoren, eta ordutik ez duela Lakuak landu, ez duelako baliabiderik izan «nahiz eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailarekin egindako bileran aitortu ziguten azterlana zuzena zela».
Udalak egindako azterketan, bentzeno 700 ug/m3-ko gertaera puntualak izan ziren, araudiak urtean 5ug/m3-ko batez bestekoa ezartzen duenean. Ikerketa hori 2019ko ekainetik 2020ko maiatzera bitartean egin zuen Tecnalia Research&Innovation fundazioko Ingurumen eta Iraunkortasun Arloak, hiriko airearen kutsadurari buruzko azterlanetan espezializatua.
«2020an azterlan bat aurkeztu behar izan genuen, Eusko Legebiltzarrera joan behar izan dugu, bilerak eskatu behar izan ditugu Eusko Jaurlaritzan, daukagun informazioa jendaurrean jarri behar izan dugu mahai gainean. Baina hitz onetatik harago, benetako neurririk gabe jarraitzen dugu. Mankomunitateko presidenteak presarik ez dagoela esan zuen prentsan, eta ez zaizkigu adierazpen arduratsuak iruditzen. Guk bai, presa daukagu, denbora aurrera baitoa, baina osasunak ez du itxaroten. Eta zentzu horretan ez da bidezkoa, adibidez, ia sei hilabete egotea emaitza hauen zain, batez ere Jaurlaritzatik lau asteko epea eman zigutenean», azaldu dute Varelak eta Bravok.