INFO

Ziburun hil ziren hiru migranteen gorpuak Aljeriara eramanen dituzte

Baionako Fiskaltzak baieztatu duenez, iragan urriaren 12an trenak harrapatuta Ziburun zendu ziren migratzaileak identifikatzeko prozedura amaituta, Aljeriara eramanen dituzte 21, 23 eta 30 urte zituzten hiru pertsonen gorpuak.

Istripuaren biharamunean migranteentzat bide seguruak eskatzeko mobilizazioa egin zuten Donibane Lohizuneko tren geltokiaren aurrean. (Guillaume FAUVEAU)

Iragan urriaren 12an, goizeko 5.00ak aitzin, Hendaia eta Bordele arteko ibilbidea egiten ari zen trenak migratzaile talde bat harrapatu zuen, Ziburun.

Istripu larriaren ondorioz, hiru migratzaile zendu ziren, laugarren bat erietxera eraman zuten zauri larriekin eta onik atera zen bosgarren bat handik hiru egunetara Baionan atzeman zuen Poliziak.

Baionako Fiskaltzak asteazken honetan baieztatu duenez hiru hildakoen identifikatzeko prozedura amaituta, 21, 23 eta 30 urte zituzten hiru pertsonen gorpuak beraien sorterrira, Aljeriara, eramanen dituzte.

Dagoeneko Aljeriako kontsuletxearekin harremanetan dela hiru gorpuen berraberriratzearen desmartxan ahal den eta azkarren gauzatzeko, Fiskaltzak FranceBleu irratiari baieztatu dionez.

Hildakoen deiturak ez dituzte jakitera eman ofizialki. Izan ere Mediapart hedabidean argitaraturiko artikulu batean Marie Cosnay idazleak hainbat xehetasun eman ditu berriki Ziburun hil ziren migranteei buruz.

21 urte zuelarik hil zen migrantea Mohamed Kemal zuen izena, bere esanetan. Bigarren hildako bat Fayçal Hamadouche zen.

«Inkesta seriosik gabe hipotesiak baizik ez ditugu izanen, inkesta seriosik gabe mugetan gertatzen den tragedia tren istripua bilakatzen da», salatu du Cosnayk.

Urtero, 7.000 migrante inguru heltzen dira Ipar Euskal Herrira. Baionan 2018an bere ateak zabaldu zituen Pausa zentroan hilabetero 600 bat pertsona hartzen dituzte.

Euskal Elkargoak diruztatzen duen zentro horretara heltzeko «hamaika traba» behar dituzte gainditu, ordea, migranteek.

«Guk ongi etorri errefuxiatuak errepikatzen dugu etengabe baina poliziek, frantses administrazioak, estatuek beste jarrera bat erakusten dute migranteei begira», salatu zuten La Cimade, Diakite edota Etorkinekin elkarteek Ziburun gertaturiko istripuaren harira Donibane Lohizuneko geltokiaren aurrean urriaren 13an egin zuten elkarretaratzean.

Bidasoaren gaineko zubietan migranteak gelditzen dituzte. Hala eta guztiz ere, muga zeharkatzea lortzen dutenek kontrol anitz behar dituzte saihestu, berdin errepidetan zein tren edo autobusetan, Baionara heldu aitzin.

Azken hilabeteetan hiru migrante hil dira Bidasoaren ertzeetan. Haietako bi ibaia zeharkatzen ari zirela ito egin ziren –maiatzaren 22an eta abuztuaren 8an– eta hirugarren batek bere buruaz beste egin zuen.

Muga zeharkatzea lortu bazuten ere, nekeari aurre egin ezinez burdinbidean lo hartu zuten beste hiru gazte aljeriar trenak harrapaturik zendu ziren Donibane Lohizuneko tren gelokitik ehunka metro batzutara.

Euskal Herria hilerria bilakatu ez dadin migranteentzat bide seguruak zabaltzeko deia berretsi zuten elkartasun taldeek azkeneko istripu horren harira.