Joanes Bakaikoaren lanak saria izan du eta Promozioko finala jokatuko du (20-22)
Etxarriarrak Dario menderatu du Logroñon jokatu den lehen finalerdi gogorrean. Errioxarrak ezin izan du bere abiadura inposatu eta azkenean Bakaikoa izan da nagusi 402 pilotakada eta 63 minutuko iraupena izan duen neurketa itogarrian.
Joanes Bakaikoa da Lau eta Erdiko Promozio Txapelketako lehen finalista, Logroñoko Adarraga pilotalekuan jokatu den lehen finalerdian Dario 20-22 menderatu ostean. Partida oso gogorra izan da, 402 pilotakada guztira, eta lehia itogarri horren azken txanpan aurrelari nafarra hobeto moldatu da.
Neurketak bi estilo desberdinen talka zirudien, ligaxkan partida guztiak irabazita zegoen Darioren abiadura Bakaikoaren defentsa eta sendotasunaren aurka. Eta lehia horretan argi eta garbi irten da garaile etxarriarraren apostua.
Hasieratik ikusi da norgehiagoka ez zela izango da Dariok amestutakoa. Errioxarra lehen errestoan airez sartu den arren, tantoak oso gogorrak eta piloteatuak izan dira lehen unetik. Materialak ere horretara eraman du, denbora ematen zutelako pilotek, eta Dariori laneko buzoa ipintzea besterik ez zaio geratu.
Eta borroka horretan kolpe asko egon den arren, bietako inor ez da erabat erori. Bakaikoak abantaila batzuk izan ditu lehen erdian, 6-8 eta 8-10ekoan esaterako, baina Dariok aurrea hartu du gero: 13-10, 19-16 eta 20-18 aurretik egon da.
Epaileen oparia Bakaikoari
Epaileek ere eman dute zer esana. Bakaikoaren 14-14koan, esaterako, nafarrak bigarren botean eraman du nabarmen pilota bat, baina epaileek ontzat eman dute jokaldia eta azkenean tantoa beretzat izan da. Azken txapan, berriz, etxarriarrari abisua eman diote aurkariari traba egiteagatik, nahiz eta ez dioten tantorik kendu.
Kontu horiei jaramonik egin gabe, Joanesek lanean jarraitu du beti bezala, eta gai izan da 20-18koari buelta emateko. Lau tanto jarraian egin ditu eta datorren igandean Promozioko kaiolaren finala jokatuko du bigarren aldiz, 2018an txapeldun izan baitzen.
«Partida oso gogorra izan da. Lesiotik atera nintzenetik jokatu dudan gogorrena. Kantxan ez naiz batere eroso sentitu, jarri ezinik ibili naiz, eta pentsatu dut lanean jarraitu behar zela aukerak izateko. Horrela egin dut eta pozik nago ez dudalako amore eman», adierazi du Bakaikoak neurketa amaieran.
Pilotakadak: 402. Partidaren iraupena: 63 minutu eta 30 segundo. Markagailua: 1-0, 1-3, 3-3, 3-4, 5-4, 5-5, 6-5, 6-8, 8-8, 8-10, 13-10, 13-13, 14-13, 14-15, 15-15, 15-16, 19-16, 19-18, 20-18 eta 20-22. Sakez: 2 Dariok (eta falta bat) eta 2 Bakaikoak (eta falta bat). Jokoan eginak: 12 Dariok eta 13 Bakaikoak. Galdutakoak: 6 Dariok eta 6 Bakaikoak. Gertaerak: Logroñoko Adarraga pilotalekua. Asier Gomez izan zen Darioren botileroa eta Jose Angel Balanza “Gogostiza” Bakaikoarena. Lehen sakea, gorri.