INFO

Eibarren erreakzionatzeko gaitasuna aztertuko du Kuko Zigandaren Oviedok

Valladoliden bolada ona amaitu ondoren, Oviedoren bisita hartuko du asteazken honetan Eibarrek (21.15). Fernando Llorente deialdian egongo da, «taldearen dinamikan sartzeko».

Hamar jardunaldien bueltan, porrota jaso zuten armaginek igandean Valladoliden kontra. (SD Eibar)

Valladoliden bolada ona amaitu eta hiru egun beranduago erreakzionatzeko aukera izango du Eibarrek. Oviedo aztertuko du gorri-urdinen aurrera egiteko gaitasuna asteazken honetan Ipuruan (21.15, Movistar+). Eta ez da azterketa erraza izango, Kuko Zigandaren taldeak goranzko ibilbideari ekin baitio azken jardunaldiotan.

Gaizka Garitanok onartu duenez, partida bien artean hain denbora tarte txikia izanda buruari «buelta asko ez emateko» egokia izan daitekeen arren, hurrengo neurketa prestatzeko denbora larregi ere ez du uzten. Asteleheneko lan-saioa «Valladolideko partidako hobetu daitezkeen gauzak zuzentzeko» erabili zuten armaginek eta gaur arratsaldekoa «aurkariarengan pentsatuz» egingo dute.

Bolada onean dagoen aurkaria, oraingoan ere; une gogorrak bizi ondoren, bi garaipen jarraian lortu baititu Oviedok. «Ia aurkari guztiek jokatu dute gure kontra beren unerik onenean –esan du Garitanok–. Goruntz doan taldea da, Kukok lan bikaina egin du eta talde erregularra da, ez du egun txarrik. Defentsan, egituran eta lanean hoberen antolatuta dagoen taldeetako bat da». Eta, gainera, Borja Baston bere golegilea eta Eibarko jokalari-ohia sasoi bete-betan dago, bost gol sartu baititu azken lau jardunaldietan.

Baina entrenatzaile armagina baikor agertu da, bere «taldea ondo» ikusten baitu eta normaltzat jotzen du bolada ona amaitu izana. «Bagenekien egun batean amaituko zela», adierazi du. Gainera, Eibar «Ipuruan gustora eta jokoz ondo» dagoela gogorarazi du, «aurkari handien kontra partida onak egitetik» datozela azpimarratuz. Horrek, hala ere, ez dio zailtasunik kenduko biharko neurketari. «Pazientzia izan beharko dugu, partida zaila espero dugu», esan du.

Garitanok, bestetik, Fernando Llorente deialdian egongo dela aurreratu du. Taldearen «dinamikan sartzeko», minutuak emateko goizegi dela pentsatzen baitu. «Hiruzpalau saio besterik ez daramatza taldearekin –gogorarazi du–. Gogotsu baina berde dago oraindik, lan-saio gehiago behar ditu, jarduera falta luze samarretik baitator. Asmoa deialdian sartzea da, dinamikan sartu nahi baitut, taldeko beste jokalari bat sentitu dadila. Egunetik egunera hobeto egotea da helburua baina ez da lauzpabost eguneko prozesua».

Printzipioz, eta arratsaldean Atxabalpek hartuko duen azken lan-saioaren faltan, aurreko jardunaldiko baja berberekin ekingio dio Eibarrek Oviedoren bisitari. Hau da, bere zigorra amaituko duen Toño, Arbilla, Franchu eta Fran Sol lesionatuak eta, deialdian egongo bada ere, Fernando Llorente.

Zigandarentzat Eibar da «talderik konpletuena»

Kuko Zigandak, bere aldetik, Eibar Bigarren Mailako «talderik konpletoena» dela adierazi du. «Denboraldi hasieran emaitza txarrak izan zituzten baina entrenatzaileak dagoeneko lantaldea egokitu du eta oso konpaktua da. Esperientzia dute, buruarekin egin dute taldea, kualitateak eta kalitatea dute. Igotzeko faboritoak dira. Aurkari guztiak errespetatu behar dira baina Eibar aurkari konpletoena da».

Armaginei aurre egiteko, «konprometitua egotea eta aurpegia ematea» esakatu die bere jokalariei. «Talde serioa gara, errespetatzen gaituzte eta ezin dugu hori aldatu. Beti ematen dugu aurpegia, partida guztietan tarteak menderatzen ditugu eta bihar bide horretatik jarraitzen saiatu behar gara», esan du entrenatzaile nafarrak.