INFO

«Urteko partidarik onena» egin beharko dute urdinek sasoi onean dagoen Valladoliden aurka

Amorebietak denboraldiko bigarren garaipena ospatu nahi du asteazken honetan Lezaman (19.00) aurretik dituen taldeekiko aldea larregi ez handitzeko. Obi itzuli da deialdira, Oscar Gilen ordez.

Almeriaren aurka lortutako denboraldiko garaipen bakarra ez da nahikoa jeitsiera postuetatik kanpo egoteko. (Aritz Loiola/Foku)

Berdinketa eta bultzada batekin itzuli zen larunbatean Amorebieta Huescatik, dena bere alde izan zuen talde baten aurka oso irudi ona eskaini eta puntu bat berreskuratu ondoren. Baina sentsazioak eta banaka batzea ez dira nahikoak denboraldiari eman nahi zaion amaiera lortzeko. Bizkaitarrek jaitsiera postuetan jarraitzen dute, aurretik dituzten taldeekiko aldea gero eta handiagoa da eta garaipen bat, denboraldiko bigarrena, lehen baino lehen lortu behar dute beren egoera larriegia bilakatu ez dadin. Arazo nagusia aurkaria izango dute asteazken honetan, sasoi bete-betean dagoen Valladolid –zazpi jardunalditan hiru berdinketa eta lau garaipen lortu ditu, azken biak Eibar eta Sportingen aurka– baitator Lezamara (19.00, Movistar+).

Iñigo Velezentzat, aukera bakarra du bere taldeak garaipena ospatu nahi badu: «Denboraldiko partidarik onena egitea». Baikor agertu da entrenatzailea baina aurreikuspenek eta errealitateak ez dute askotan bat egiten. «Ziur nago garaipena lortuko dugula. Baina astero pentsatzen dut», aitortu du. Ez du uste, hala ere, baikortasun eroa dela sentitzen duena, jokalariek egunero transmititzen diotearen ondorioa baizik. «Ondo lehiatzen ari gara, batez ere etxetik kanpo hobetu dugu azken asteotan», azpimarratu du, horrekin ere irabazteko nahikoa izan ez dela onartuz. «Neurketa guztietan lehiatu dugu, askotan oso gertu egon gara baina zerbaitengatik ez dugu irabazi. Orain arte emandako maila zein den jakin eta plus bat eman behar dugu. Eta ni ziur nago bihar gauzak oso ondo egiten baditugu, Valladolid gainditu dezakegula».

Entrenatzaile arabarrak ez die garrantzi berezirik eman aurkariaren ezaugarriei eta bolada ikusgarriari, «astero jokatzen baitugu oso talde onen kontra eta, hala ere, eta emaitzetan ez bada ikusten ere, astetik astera hobe gaude eta hobe lehiatzen dugu. Valladolidek oso jokalari onak ditu, iaz Lehen Mailan zeukanaren oinarria, bere helburua igoera da… Zein den irabazteko gakoa? Denboraldiko partidarik onena egitea eta eurek ez edukitzea bere egunik onena», laburbildu du.

Aldaketa bakarra dago, bestetik, 23 jokalariek osatutako urdinen deialdian. Aurreko jardunaldian geldialditxo bat egin zuen Obi bueltan dago, Huescan kolpe bat hartu zuen Oscar Gilen ordez. Atzelari nafarrarekin batera, Santamariak jarraitzen du min hartuta, Tenerifen sorbaldan lesionatu ondoren.