INFO

Ehun eragile eta aditu inguruk hartuko dute parte hezkuntza legearen aurreko ponentzian

Astezkenetik aurrera 100 bat aditu eta hezkuntza eragilek hartuko dute parte EAEn euskal hezkuntza sistemaren oinarriak zehazteko legea arautzeko Gasteizko Parlamentuan sortutako batzordean.

Ikoitz Arrese, EH Bilduren legebiltzarkidea, artxiboko irudian. (Raul BOGAJO / FOKU)

Ehun aditu eta hezkuntza eragile inguru, hala nola sindikatuak, elkarteak eta profesionalak, Lakua sukaldatzen ari den etorkizuneko euskal hezkuntza sistemaren oinarriak zehazteko legea arautzeko sortutako legebiltzar batzordetik igaroko dira asteazkenetik aurrera.

Gaurko bileran, lantaldeko kideek talde politko guztien agerraldien proposamenak aztertu dituzte, horietako asko bat datozenak, eta lan egutegi bat zehaztu dute, hezkuntza proiektu desberdinen garapena ezagutzeko bisitak barne. EAJk eta PSEk proposamen bateratua aurkeztu dute 50 izen ingururekin, EH Bilduren zerrenda 33 pertsonaz osatuta dago eta Elkarrekin Podemos-IUk antzeko kopurua. Zerrendarik laburrena PP+Cs da, hamar batekin.

Azkenik, alderdiek adostu dute 90 testigantza entzutea astelehen, asteazken eta ostiraletan, Legebiltzarrean kontrolerako osoko bilkurarik egon ez dadin. Egunero, bertaratutako zortzi pertsonak hitz egingo dute, eta esku hartzeko denbora murriztu egingo da, ponentziaren fase hori arintzeko.

Esku-hartzeak bost multzotan antolatuko dira: 2035erako hezkuntzaren ikuspegi estrategikoa; ikasle guztien hezkuntzarako eta arrakastarako eskubidea; gobernantza; eleaniztasuna eta berrikuntzarako palankak.

Halaber, bi bidaia programatu dira, bata Kataluniara, ‘Hiri hezitzailea’ proiektua ezagutzeko eta bertako adituekin biltzeko, eta bestea Portugalera, herrialde horretako Hezkuntza Ministerioko ordezkariekin elkarrizketatzeko, zeinak emaitza txarrak gainditzea lortu baitu hezkuntzari buruzko nazioarteko txostenetan.

Alderdien proposamenen artean daude, besteak beste, sektoreko sindikatuak, eskola publikoko zuzendaritzen federazioa (HEIZE), eskola publikoko gurasoen konfederazioa (EHIGE), itunpeko eskola pribatuko patronalak (Kristau Eskola eta Ikastolen Elkartea) eta ikastetxe horietako gurasoen konfederazioak. Zerrendetan, Save The Children, Eskola Publikoaren Aldeko Plataforma eta Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokia nabarmentzen dira. Adituen atalean, proposamenek unibertsitateko irakasleen, Euskadiko Hezkuntza fakultateetako dekanoen eta arlo soziolinguistikoko adituen ekarpenak biltzen dituzte.

«Eztabaida integrala»

EH Bilduren aldetik, Ikoitz Arresek «eztabaida integrala» eskatu du bileraren ostean, hezkuntza sistemari eragiten dioten «aldagai guztiak kontuan hartuko dituena, besteak beste, euskalduntzea, segregazioa eta teknologia berriak».

Bestalde, Isabel González Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak prentsaurreko batean azpimarratu duenez, bi bideren artean aukeratu behar da: «Hitzarmena blindatzea edo aurrera egitea publizifikazioan; bereizketa edo gizarteratzearen aldeko itun soziala; sehaska-pribilegioak edo aukera-berdintasuna; sare dual elitista baztertzailea edo hezkuntzarako eskubidea; pribatizazioa edo zerbitzu publikoak».