INFO

Hiru etxaldeetatik batek segida bermaturik ez duela Ipar Euskal Herrian oharrarazi du EHLGk

«Bihar nahi badugu gure etxaldeek bizi diten, denen beharra dugu». Argi eta garbi hitz egin du Daniel Barberarena Euskal Herriko Laborantza Ganbarako bulegoko kideak. Urteroko diru-bilketa kanpainiari ekin dio aste honetan laborantza herrikoi eta jasangarria sustatzen duen egiturak.

EHLGko ordezkarien agerraldia, azaroaren 3an, Baionan. (Bob EDME)

Azken hogeita hamar urtetan 2.500 etxalde galdu dira Euskal Herrian. Gaur egun, hiru baserrietatik batek ez du segidarik. Arazoari aurre egiteko baliabideak plantan eramateko premia nabarmendu du beste behin ere laborantza iraunkorraren alde lan egiten duen egiturak.

Urtero bezala diru sarrerak lortzeko kanpaina plantan eman du, aste honetan, Euskal Herriko Laborantza Ganbarak. Joan den urtean garatutako kanpainari esker 80.000 euro bildu zituen EHLGk.

Diru ekarpen horren garrantzia azpimarratu du Antton Cabanne EHLGren Lagunak taldearen lehendakariak.

Aurtengo diru kanpainak azaroaren 3tik 30era iraunen du. Parte hartu nahi duen orok, diru bidalketa bat egin diezaioke egiturari edo txeke bat bidaltzen ahal du Ainhize-Monjolosen kokaturiko egoitzara.

Gaur egun, Ipar Euskak Herrian 4.500 baserri zenbatu ditu EHLGk. Horietatik heren bat 50 urte baino gehiago duten laborariek kudeatzen dituzte.

2019. urteaz geroztik, baserriaren lana uztekotan ziren 65 bat laborariekin elkartu dira EHLGko kideak. Lan horrek emaitza bat ekarri du. Etxaldearen jarraipena bermatuta ez zuten 18 laborariekin lan egin du egiturak, horietariko bostek baserriaren segida bermatzea lortu dute, beste zazpi transmisioa lortzeko bidean dira eta bertze lau beraien esplotazioa biziaraziko duten laborarien bila dabiltza.

EHLGk laborantza jardueraren jarraipena bilatzen duten etxaldeen mapa osatu du, informazioa denon eskura jartzeko.

Transmisioaren auziari aterabideak emateko beharra mahaigainean ezarri du EHLGk. Ezer ez bada egiten laborantza saila desagertzeko arriskuan izanen delako.

«Mementoan bada dinamika bat bizirik, baina erabili eta garatu behar da», ohartarazi dute Euskal Herriko Laborantza Ganberako kideek diru bilketa kanpaina aurkezteko Baionan antolaturiko agerraldian.