INFO

Nafarroako eta Lakuako gobernuek zenbait konpromiso hartu dituzte Glasgown

Iruñeko eta Lakuako ordezkariak Glasgown izan dira, Under2 Aliantzaren bileran, Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroarekin batera. Energia berriztagarrien nazioarteko ekitaldiak iragarri ditu Arantza Tapia sailburuak. Itziar Gomezek eraikin publikoek energia garbia baliatzeko ardura hartu du.

Arantza Tapia Lakuako sailburua eta Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroa, Glasgown. (IREKIA)

Nafarroako eta Lakuako gobernuetako ordezkariek Glasgown egiten ari den klimaren goi gailurrean parte hartu dute, Under2 Aliantzaren baitan. Munduko ekonomiaren erdia ordezkatzen duten 200 agente baino gehiagoko sarea da hau. Bertan, Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroarekin bildu dira, besteak beste. Hainbat konpromiso hartu dituzte bi exekutiboek.

Arantxa Tapia Lakuako Garapen ekononomikoko eta Ingurugiroko sailburuak energia garbiak sortzearen aldeko apustua eta ‘Net Zero Super Kluster’ ekimena azaldu ditu.

Horretaz gain, 2022an eginen diren nazioarteko bi hitzordutara gonbidatu du Eskoziako Gobernua: Wind Europe Azokara (apirilean, BECen) eta ICOE 2022ko itsas energien kongresurik handienera (urrian, Kursaalen).

Emakumeen ordezkaritza handitzeko xedea

Bestalde, Nafarroako Landa Garapen eta Ingurugiro sailburuak, Itziar Gomezek, bost helbururekin bat egin du. Hondakinen, eraikuntzaren, bioaniztasunaren eta ingurugiroarekin lotutako justiziaren inguruko konpromisoak dira.

Eraikuntzari dagokionez, 2030erako eraikin publiko guztiek erabiltzen duten energia erabat garbia izateko xedea jarri du. Justiziaren arloan, erregai fosilen ekonomiaren mende daudenei bizitzeko baliabide jasangarriak emateko ardura hartu du, bidezko trantsizio bat egin dezaten. Klima larrialdiarekin lotutako gobernantza egituretan emakumeen ordezkaritza gutxienez %30 handitzeko ahalegina eginen duela ere agindu du.

Basoak eta beste tokiko ekosistema batzuk eskala handian berrezartzeko xedea ere berretsi du Nafarroako Gobernuak.

Zaborren arloan, ekonomia zirkularrak garatzeko konpromisoa hartu du, hala zabortegietan amaitzen duten hondakin organikoak erdira murrizteko 2030erako. Urte bererako hondakindegietara doan fluxu guztia %15 gutxitzeko xedea ere jarri du.