INFO

Hidrogenoaren Euskal Korridorearen Elkartea sortu dute 71 enpresa eta erakundek

71 enpresa eta erakundek indarrak batu dituzte Hidrogenoaren Euskal Korridorearen garapena dinamizatzeko helburua izango duen elkartea sortzeko. Proiektuak 1.300 milioi eurotik gorako inbertsioa izango du 2026ra arte.

BH2C Hidrogenoaren Euskal Korridorearen Elkartearen aurkezpena Bilbon. (BH2C)

71 enpresa eta erakundek sortutako BH2C Hidrogenoaren Euskal Korridorearen Elkartearen lehen batzarra izan da astelehen honetan Guggenheim Museoan. Ekitaldia Arantxa Tapia Lakuako Gobernuko Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak ireki du ofizialki, bide telematikoz, Glasgowtik.

José Ignacio Zudaire BH2C Elkarteko presidenteak jendaurreko agerraldian nabarmendu duen arabera elkartearen sorrerak «agerian utzi du enpresek eta erakundeek deskarbonizazioan aurrera egitearen alde egin duten apustu sendoa, hidrogenoa bektore energetikotzat erabiliz».

«Trantsizio energetikoa jasangarria izan dadin, nahitaezkoa da, deskarbonizazioaren erronkarekin batera, industriak BPGan duen pisuari eustearen aldeko konpromisoa har dezagun. Gure industria garatzen, aberastasuna eta ongizatea sortzen eta gure berrikuntza eta teknologia bultzatzen lagunduko digun trantsizioari heldu behar diogu. Kalitatezko enplegua sortzeko gai den herrialde industriala izaten jarraitu nahi badugu, betiko moduan aurre egin behar diogu erronka honi, proiektu zehatzen bidez, inbertsioen bitartez, teknologiaren laguntzaz eta lankidetza estrategiatzat erabiliz», azaldu du Zudairek.

Hidrogenoaren Euskal Korridoreak osagai horiek uztartuko dituela azpimarratu du, eta horren harira, «etorkizun luzea duen etorkizuneko proiektua dela» ziurtatu du. «Zalantzarik gabe, Euskadik apustu irmoa egin behar du sektore honen buru izateko, altzairugintzan, makina-erremintan, automobilgintzan edo berriztagarrietan egin duen bezalaxe», adierazi du elkarte berriaren presidenteak.

1.300 milioi eurotik gorako inbertsioa

Proiektua aurrera ateratzeko 1.300 milioi eurotik gorako inbertsioa egingo da 2026ra arte, eta zuzeneko 1.340 lanpostu nahiz zeharkako 6.700 lanpostu baino gehiago sorraraziko dituela ziurtatu dute.

Elkarteak Hidrogenoaren Euskal Korridoreari lotuta bultzatuko dituen proiektuak honako esparru hauei dagozkie: Hidrogeno berriztagarriaren eta erregai sintetikoen ekoizpena; banaketaren arloko mugikortasuna eta logistika; industriaren deskarbonizazioa; hiri eta bizitegi erabilerak; azpiegitura; eta garapen teknologiko industriala.

Proiektu horietan, honako enpresa eta erakunde hauek parte hartuko dute, besteak beste: Aena, Alsa, AMPO, ArcelorMittal, Bilboko Udala, CAF, CIE Automotive, Araba eta Bikaiko Foru Aldundiak, Energiaren Euskal Erakundea, Ferrovial, Tekniker Fundazioa, Idom, Ingeteam, Irizar, Lurraldebus, Mondragon Unibertzitatea, Nortegas, Euskadiko Teknologia Parkeak, Petronor, Bilboko Portua, Repsol, Sener, Sidenor, Tecnalia, Tubacex, Tubos Reunidos, EHU...