Baldintzapeko askatasuna lortu du Olga Comes iruindarrak, 13 urtetako espetxealdia amaituz
Bi estatuetan preso hamahiru urte eman ostean, Iruñeko Donibane auzoko Olga Comesek ez du kartzelara itzuli beharko, baldintzapeko askatasuna lortu baitu.
Jada hirugarren graduan zegoen Olga Comes Arambillet Iruñeko presoak ez du kartzelara itzuli beharko, baldintzapeko askatasuna eskuratu duelako, Etxeratek baieztatu duenez.
Olga Comes Arambillet preso politiko iruindarra baldintzapeko askatasunean geratu da 13 urteko zigorra bete ondoren #Batgutxiago Ongi etorri Olga!
— Etxerat Elkartea (@EtxeratElkartea) November 9, 2021
Oharra https://t.co/Wgei1uMXaD
Espainiako Espetxe Zuzendaritzak aurtengo ekainean hirugarren gradua ematerakoan onartu zuenez, zigorraren hiru laurdenak aspaldi beteak zituen, 2019. urtetik hain zuzen ere.
53 urte ditu Comesek eta Iruñeko Donibane auzokoa da. 2008. urtean atxilotu zuten Dijonen eta ETAko kide izateagatik zigortu zuen Parisko Auzitegi bereziak. Estatu frantsesean ezarritakoa agortu ondoren Espainiaratu egin zuten, 2012. urtean, eta Madrilgo Auzitegi Nazionalean kondena berria erantsi zioten.
Kartzelaldiaren azken fasea Iruñean jasan du. Aurretik, Leongo Mansillan zegoelarik, bera bisitatzera zihoan hurbileko batek istripu kezkagarria pairatu zuen, Errioxa eta Nafarroaren arteko mugan, abiadura handiz zetorren auto batek talka egin ostean, goizeko ordu txikietan. Lizarrako erietxean artatu behar izan zuten.
2016. urtean gertatu zen hau. Asturiaseko Villabonara eraman zuten gero Olga Comes, eta handik Iruñera beranduago. Orain jada ez du kartzela berriz zapalduko.