INFO

Lanbide Heziketan baldintza duinak eskatu dituzte LAB eta ELAk nazioarteko bilkuraren atarian

Donostian egiten ari den nazioarteko kongresua batean Lakuak Lanbide Heziketaren bikaintasuna aldarrikatzen duen bitartean 260 langileren etorkizuna kolokan dagoela salateko elkarretaratzea egin dute gaur LABek eta ELAk Kursaal jauregiaren atarian.

LABek eta ELAk elkarretaratzea egin dute Donostiako Kursaal jauregiaren atarian. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Lakuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Lanbide Heziketako bikaintasuna harrotasunez erakusten badu ere, sektoreko arazoak konpontzeko inolako urratsik ematen ez duela salatu du gaur LAB sindikatuak, Donostiako Kursaalean Lanbide Heziketako Nazioarteko Kongresuaren inaugurazio-ekitaldian. Besteak beste, irakasle teknikoen egoera salatu dugu: 260 langileren etorkizuna kolokan egon liteke lehenbailehen irtenbidea eskaini ezean.

Gaur eta bihar, ‘Lanbide heziketa gizatasunaren, teknologiaren eta adimenaren aroaren aurrean’ izenburuko biltzarrean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Lanbide Heziketaren goi-maila eta kalitatea goraipatuko den bitartean, Lakuako Hezkuntza Sailak ahaztu egiten du bikaintasun horren atzean pertsonak daudela, horien artean, irtenbidea behar duten irakasle teknikoak.

Irakasle teknikoen arazoari irtenbidea emateko asmoz, uztailaren 28an batu ziren sindikatuak Blanca Guerrero kudeaketa zuzendari eta Nikolas Sagarzazu Lanbide Heziketako plangintza eta antolakuntza arduradunekin. Orduan, irtenbide proposamen bat jaso zuten sindikatuek 16 espezialitate ez-singularretako ordezko irakasle teknikoentzat (2019an itxialdietan egon ziren irakasle teknikoen kolektiboko kideak), baita, langile guztiontzako soluzio egokiak erdiesteko asmoz irailean egitekoa zen bilera baterako proposamena ere.

«Bilera horren deialdia heltzen ez zela eta irakasle teknikoen arazoaren urgentzia ikusita, gaia lantzeko saiakera gehiago egin ditu LABek, baina ez dugu erantzunik jaso. Horretaz gainera, ez dugu berririk jaso formakuntza pedagogikoari buruz (CAP delakoa) eta ez da LEParen inguruko proposamenik jarri mahai gainean», azaldu du sindikatu honek.

«LABetik argi dugu gatazkaren konponbidea ezin dela gehiago atzeratu. Izan ere, Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburuak erakutsitako asmoen artean, 2023rako Lanbide Heziketarako LEP deialdia badago, oraindik zalantza batzuk erantzuteke daude: Lomloe-k ezarritako marko berrian, zer gertatzen da LEPa gainditzen ez duten irakasleekin? Zerrendetatik kanpo geratuko lirateke? LABetik langile guztien alde egingo dugu berriz ere, eta deialdietan guztiak aurkeztu ahal izatea gutxieneko baldintza gisa borrokatuko dugu», gaineratu du.

ELAk ere antzeko kritikak plazaratu ditu Lakuaren jarrera gogor salatuz. «Irakasle tekniko ugarik bizi duten egoera ezegonkorra izugarria da, eta tamalez lanbide heziketaren kalitatea ere kolokan dago. Egoera honetan, beste behin ere, ordezko langileak dira Lomloe-ren ondorio lazgarriak gehien sufritzen dituztenak. Oonartezina da egoera honen aurrean gure administrazioak inolako egiturazko konponbiderik ez planteatzea», kexu da sindikatua», kexu da ELA.

Honekin batera, Lanbide Heziketaren ereduarengatik kezkatua dagoela gaineratu du ELAk, sistema duala indartu nahi dutelako. «Argi dago pribatizatu nahian eta lanpostuak suntsitu nahian dabiltzatela», baieztatu du sindikatuak.

Gauzak horrela, aldarrikapen hauek ditu ELAk: «Lanbide Heziketako Goi Mailako titulazioa daukaten irakasle guztien lan baldintzak eta lanerako eskubidea idatziz eta dagokion arautegian erabat blindatu eta bermatu ditzala. Sasi irtenbide partzialak alderatu eta estrukturala izango den irtenbidea plantea dezala.
Behingoz konpromisoa har dezala Lanbide Heziketako ahalik eta lanpostu gehien egiturazko bihurtu eta ordezko bezala dauden milaka langileak kontsolidatzeko. Lanpostu suntsiketarik egon ez dadin bermatu dezala. Pribatizazioari ateak itxi eta enpresen interesak hezkuntzatik at utz ditzala».

«4. industria iraultza»

Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratz izan da Lakuaren izenean nazioarteko kongresua ireki duena. Bihar, Iñigo Urkullu lehendakariak itxiera ekitaldian hartuko du parte.

Kongresuak oso kontuan hartzen du 4. industria-iraultzaren etorrerarekin teknologiak etorkizun hurbilean izango duen berebiziko garrantzia, baita gaur egun duena ere. Egun hauetarako antolatutako hitzaldi eta saioetan, alderdi teknologikoak landuko dira, baina are neurri handiagoan hartuko da kontuan giza dimentsioa, hots, pertsonak ingurune teknologiko horretarako prestatzeak duen garrantzia. Hitzaldiek pertsonak izango dituzte ardatz, haiek baitira, azken batean, protagonista izan behar dutenak, garapen teknologikoaren aurretik.

Adimen artifiziala, sistema adimendunak, automatismoak edo robotizazioa gero eta errealitate arruntagoak dira, eta hauen eraginez aldatzen ari dira gizartea, lan egiteko modua eta harremanak ezartzeko modua. Testuinguru horretan, teknologiak ez du berezko helburu izan behar, gizakientzako laguntza baizik, ongizaterako baliabide osagarria baizik. Teknologia bera bakarrik nahikoa ez denez gero, pertsonen prestaketa funtsezkoa da ingurune berri horretan lan egiten eta bizitzen jakiteko. Azken batean, gizatasunaren arorantz abiatu beharra dago, teknologiaren arorantz baino neurri handiagoan.