INFO

Save the Childrenek laguntza eskatu du Polonia eta Bielorrusiako mugan dauden haurrentzat

Polonia eta Bielorrusiaren arteko mugan berriki izan den tentsio igoerarekin, Save the Childrenek dei egin dio Europako Batasunari (EB) haurren segurtasuna bermatzeko eta berehalako laguntza emateko.

Migratzaileak kanpamendu batean, Bielorrusia eta Polonia arteko mugan, Grodno eskualdean. (Ramil NASIBULIN/AFP)

Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak laguntza eskatu du Bielorrusia eta Poloniako mugan harrapatuta dauden haur eta familientzat, eta Europako Batasunari eskatu dio adingabe horien babesa bermatzeko.

«Bielorrusiako mugan gertatzen ari dena EBko legediaren eta balioen aurka doa», adierazi du Anita Bay Save the Children erakundeko Europarako zuzendariak, azken asteotan ikusten ari diren eta okerrera egiteko mehatxua duten egoeren balantzea egitean.

Ildo horretan, familia osoak itzuli izana deitoratu du, eta horiek nazioarteko babesa eta berehalako laguntza eskatu ondoren, «alde batera utzi» izana.

Save the Children beldur da horrek indarkeria, abusuak eta heriotzak baino ekarriko ez ote dituen –Migrazioen Nazioarteko Erakundeak (OIM) hamaika hildako erregistratu ditu–.

«EBri eskatzen diogu haur eta familia horiei EBko lurraldeetara sartzea erraztea, Europan nazioarteko babesa eska dezaten», adierazi du Bayk, eta GKE-ei migratzaileak pilatzen diren mugako eremuetara «atzerapenik gabe» sarbidea ematea eskatu du, batez ere Bielorrusia eta Polonia arteko mugan.

«Estatuek elikagaiak, ura, arropa, arreta mediko egokia eta babesa eman behar dizkiete harrapatutako pertsonei, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak aurtengo abuztuaren amaieran agindu bezala. Mugetako atxikipenak berehala amaitu behar dira, eta haur guztiei bermatu behar zaie behar duten babeserako, arretarako eta laguntzarako eskubidea», adierazi du Bayk.