2050eko esperientzia bizitzera gonbidatu dituzte ehun gazte
Euskal Herriko 10.000 gaztek baino gehiagok hartu dute parte ‘The Future Game, bihar zer?’ inkestan. Bertan, etorkizun iraunkor eta anitzagoa irudikatu dute. Orain, beste urrats bat egingo dute eta ‘2050 Esperientzia’ bizitzera gonbidatu dituzte ehun lagun, atzemandako desafio horietara hurbiltzeko.
‘The Future Game, bihar zer?’ inkestak Euskal Herriko belaunaldi gazteenek atzemandako etorkizuneko erronkei buruzko lehen aztarnak ematen ditu. 10.000 lagunek baino gehiagok hartu dute parte bertan.
Beste pauso bat emanez, 15 eta 30 urte bitarteko 100 gazte ‘2050 Esperientzia’ bizitzera gonbidatu dituzte orain. Identifikatu dituzten erronka horietara nola hurbildu aztertzeko esperimentazio eta ikasketa prozesua da hau, eta bertan parte hartzeko hemen eman daiteke izena: https://2050.thefuturegame.org/eu/viajar-al-futuro.html
Belaunaldi barreneko konfiantza handia
Inkestan jasotako erantzunen arabera, Euskal Herriko gazteek etorkizuna honela irudikatzen dute:
Klima aldaketak markatzen ditu hemendik 2050era biziko liratekeen eraldaketei buruzko itxaropenak: euskal gazteen erdiek baino gehiagok uste dute desagertu ahal izango liratekeela plastikoak supermerkatuetatik, eta %46k uste dute beranduegi izan daitekeela itsasoaren mailaren igoerari aurrea hartzeko. Hala balitz, kostaldeko hiriak desagertu ahal izango lirateke.
Belaunaldi barruko konfiantza handia dago, eta horrek pentsarazten die belaunaldi horrek boterea lortzen duenean errazago zainduko dela planeta, eta klima aldaketa moteltzeko beharrezko neurriak hartzea egingarriagoa izango dela.
Belaunaldi barruko konfiantza handia kuadrillaren pertzepzioan errotuta dago, eta argi dute etorkizunean eta lurraldean kuadrillak elementu garrantzitsu izaten jarraituko duela; %86k irudikatzen dute bere burua, 2050ean, Euskal Herrian bizitzen.
Mugak argi, eta borrokarako prest
Beren mugak argi dituzte. Erdiek baino gehiagok esan dute armak eta eskuin muturreko alderdi politikoak debekatuko lituzketela; eta %40k baino gehiagok apustu-etxeak, tabakoa eta prostituzioa eragotziko lituzkete.
Etorkizuneko hiriak parke eta ingurune natural gehiagorekin eta aniztasun handiagoarekin irudikatzen dituzte. Era berean, kale kontrol eta zaintza gutxiagorekin.
Borrokarako prest dagoen gazteria da, eta bizi kalitatea da iraultza egiteko arrazoi nagusia. %60k baino gehiagok adierazi dute merezi duela protesta egitea etxebizitza eta enplegu duina eskuratzeko zailtasunei erantzuteko, argiaren prezioagatik eta klima aldaketagatik.
Ez dute sentitzen adimen artifiziala demokraziarentzat arriskutsua denik. %39k uste dute robotizazioak bizi kalitatea hobetzen lagunduko duela, baina ez dute espero irakasleak plataforma teknologikoekin ordezka daitezkeenik, eta ez dute begi onez ikusten laneko nagusia robot bat izateko aukera (%13,2).
Etorkizuna horrela irudikatzen dute, eta orain zer? Zer egin daiteke erronka horietara hurbiltzeko?
Etorkizuneko kuadrilla irudikatu
‘2050 Esperientzia’ sortu dute erronka horietan gehiago sakontzeko. Iraunkortasunarekin sentsibilizatuagoa dagoen eta anitzagoa den kuadrilla irudikatzen dute gazteek, baina nola?
‘2050. esperientzia’-n, etorkizuneko kuadrillei buruz hausnartu nahi dute, 15 eta 30 urte bitarteko 100 gazterekin batera. Gogoeta horretan, gainera, osasun mentalak leku garrantzitsua hartuko du.
Lau astez (azaroaren 19tik abenduaren 19ra) esperientziaren ehun partaideak diziplinarteko talde bateko kide izango dira. Astero elkarrizketak egingo dituzte Twitch-en, etorkizuneko ahotsak izango diren protagonista batzuekin.
Hiru ekitaldi presentzial izango dituzte, ustekabez beteak: BBK Kunan (Bilbo), Badalaben (Errenteria) eta azkena EITBren Bilboko egoitzan.
Discord komunitateak etorkizuneko edukiak izango ditu, gazteen jakin-mina asetzeko.
Eta bide guztian euren ekimena garatzen lagunduko dien eragile-sarea izango dute gertu.
Aniztasunean oinarritutako bidaia
‘2050 esperientzia’ programak gazteen askotariko ahotsak bildu nahi ditu, euskal gazteen aniztasuna islatzeko. Baldintza bakarrak dira 15-30 urte izatea eta parte hartzeko gogoa izatea.
DOT kooperatibak, Osoigo Next-ek eta Deustuko Unibertsitateko Braulio Gomezek sustatutako ekimena da.