INFO

Goizuetak amaiera emango dio esku pilota profesionalaren arorik oparoenetako bati

Gertukoenen babesean zintzilikatuko du gerrikoa Aimar Olaizolak larunbat honetan, 42 urte betetzen dituen egunean bertan.

Azken hilabeteetan pilotzaleen esker ona jaso du Aimarrek pilotalekuetan. (Iñigo URIZ/FOKU)

Sustraietara itzulera bat bailitzan, justu 42 urte beteko dituen egunean, Goizueta sorterrian emango dio Aimar Olaizolak amaiera 24 urteko ibilbide emankor eta luzeari. Bide batez, pilotaren arorik emankorrenetako bat, emankorrena ez bada, amaituko da larunbat honetan, goizuetarrak eta bere alter egoa izan den Juan Martinez de Irujok kirol honen historiaren liburuan aparteko kapitulu bat merezi baitute.

2001eko irailean Logroñoko Adarragan izan zen Olaizola II.a, Armendarizekin batera, Retegi II.a eta Barriolaren aurka jokatu zuen goizuetarrak, Eratsungo mitoaren azken partidan eta esan daiteke, nahiz eta tartean Eugi eta Belokiren aroa ere izan den, erreleboa hartu ziotela Aimarrek eta Irujok kirol honen handienen zerrendan. Goizuetarrarekin eta Iberokoarekin heldu ziren «futbolista» kontratuak eta apenas ordu pare batean amaitzen ziren finaletarako sarreren garaiak, hau da, aspaldiko pilotaren arorik oparoenak. Gaur egun pilotari oso handiak dauden arren, garai hartako saltsarik ez da gure pilotalekuetan, denen kalterako.

Ander Imaz lagun duela, Erik Jaka eta Andoni Aretxabaletaren aurka jokatuko duena, ibilbide bikain baten 1.321. partida izango da, horietako 27 finalak –26 lehen mailakoak eta beste bat 1999ko bigarren mailako Buruz Buruko finala, bere lehen txapela jantzi zuena Hirigoyeni Astelenan 22-16 irabazita– denera lehen mailako 14 txapel –7 Lau eta Erdian, 4 Buruz Buru eta 3 Binaka– eta aipatutako bigarren mailakoa batuta.

Iraultza perfekzionatu

Bere profesionaltasuna, zorroztasuna eta kantxetako bere jarrera eredugarriaz harago, unean unean erakutsitako egoerara moldatzeko gaitasuna izan da goizuetarraren ezaugarririk nabarmenena. Aurretik Titinek eta, baina batez ere Juan Martinez de Irujok ekarritako iraultzara ederki moldatu eta hura perfekzionatu zuela esan genezake. Garaiko joko klasikoarekin, botera jokatuta, emaitza onak lortu zituen, baina Iberokoak bultzatuta airez jokatzen hasi zenean lortu zituen Aimar Olaizolak bere emaitzarik onenak, horietako askotan Iberokoa bera arerio zuela finalean.

Eritasun malapartatu batek, pilota behar baino lehenago uztera behartu zuen Iberokoa 2017an eta bitxia den arren, ordutik txapelik irabazi gabea da Aimar Olaizola. Irujok ez bezala, bere agurra noiz izango den aukeratzeko modua izan du Aimar Olaizolak eta, azken urteetan buruz buruko txapelketetan lehiatu gabe, aurtengo udako Mastersa irabazita utzi nahi izan du pilota, hark bera utzi aurretik, oraindik maila ona emanaz.

Irailean bere agurraren berri eman zuenetik, 9 partida jokatu ditu Euskal Herriko eta Errioxako pilotalekurik esanguratsuenetan, pilotazaleen esker ona jasoz, baina azkena benetan berezia izango da, etxekoen artean amaitu nahi izan baitu, goizuetarrek bere ibilbidean zehar emandako babesa nolabait eskertu asmoz. Ezustekorik eta une hunkigarririk ez da faltako.