Zuberotar eta nafar herritarrek muga irekitzeko aldarria zabaldu dute Larraineko lepotik
Iazko urtarrilean Pirinio Atlantikoen Prefeturak zortzi bat muga pasabide ixteko agindua eman zuen. Geroztik, besteak beste San Martin Harria eta Uthurzeheta (Larraineko lepoa) hesituta daude. Gaur eguerdian ekimena antolatu dute Larrainen «Euskal Herrian mugarik ez» mezua zabaltzeko.
"Inposaketarik ez. Mugarik ez Euskal Herrian" leloa lau haizetara zabaltzeko ekimena egin dute gaur eguerdian Uthurzehetan (Larraineko lepoan). 80 bat lagun bildu dira bertan urte hasieraz geroztik Pirinio Atlantikoen Prefeturaren aginduz hesiturik dituzten pasabideak irekitzea ezinbestekoa dela esatera; beharrezkoa Zuberoa eta Nafarroa arteko loturak atxikitzeko. Ildo beretik, Nafarroako gobernuari zein Ipar Euskal Herriko Hirigune Elkargoari eskatu diete muga berriz irekitzea galdetu diezaiotela frantses Estatuari.
Zehazki, iazko urtarrilaren 12an Paueko Prefeturak Euskal Herriko zortzi muga pasabide hesteko erabakia jakinarazi zuen. Gauzak horrela honako, pasabide itxi zituzten frantses agintariek «islamiar terrorismoaren mehatxuari» aipamen eginez: Hendaiako pasabide bi (itsasontzia eta merkantzien zubia), Lizuniga, Lizarrieta, Sara-Benta Berruet, Izpegi, Aldude eta Larraine (Uthurzeheta).
Zortzi muga horiei bederatzigarren bat gehitu zitzaion, Biarnon kokatzen bada ere Zuberoa eta Nafarroa arteko loturak bermatzen dituen San Martin Harria itxi zutelako.
«Frantziako Estatuak aldebakarrez hartu zuen erabakiak Xiberoako, Erronkari eta Salazar bailaretako herritarren egunerokoan ondorio larriak eragin dizkigu», oroitarazi dute ekimenaren sustatzaileek Larraineko lepoan irakurri duten mezuaren bidez.
Hiru bizi eremuetako herritaren arteko harreman kulturalak eta ekonomikoak baldintzatzeaz gain, muga itxi zutenetik «oroz gainetik, familia arteko harremanak zangopilatuak izan direla» nabarmendu dute.
Mobilizazio ugari eta berrirekiera partziala
Paueko Prefeturak pasabideak zerratzeko agindua eman ondoren mobilizazio anitz egin zituzten ondoko aste eta hilabeteetan berdin Hendaia eta Irun lotzen dituen Santiago zubian, berdin Izpegi, Lizuniaga edo Lizarrietako lepoetan.
Gauzak horrela, Sara (Benta Berruet), Lizarrieta eta Lizuniagako pasabideak berriz ireki zituzten joan zen martxoan. Uda aitzin, berriz, Hondarribia eta Hendaia lotzen dituen itsasontziaren zerbitzua berriz ere martxan eman zuten.
Alta, Larraine (Zuberoa) eta Otsagi (Nafarroa) lotzen dituen Uthurzehetako lepoan eta Zuberoatik Erronkarira joateko baliatzen den San Martin Harrian «inposaketak» jarraitzen duela agerian utzi nahian protesta berria antolatu dute igande honetan.
Lekuko herritarrei eta erakundeei mespretxua
«Frantziako Estatuaren ordezkari den Paueko Prefetak lekuko herritarrak eta instituzioak mespretxatzen ditu. Ez dugu onartzen euskal herritarren arteko harremanak baldintzatzen eta oztopatzen dituen erabakia», oharra egin dute Larraineko lepotik, Erronkari, Zaraitzu eta Zuberoako herritarren arteko harremanak bermatzeko bidean erabaki zehatzak galdetuz.
Hain zuzen, gaurko mobilizazioaren bidez eskualde horietako erakundeak eta herri eragileak saretzeko premia nabarmentzeaz gain konpromisoa adierazi dute ekimenaren sustatzaileek. «Harreman sareak birsortu eta elkarlana sustatzeko engaiamendua hartzen dugu», azaldu dute.
Larraineko lepoan bildutako lagunek Nafarroako gobernuari eta Ipar Euskal Herriko Hirigune Elkargoari galdetu diete «mugaz bi aldeetako herritarren zirkulazio eskubidearen alde egin dezaten, eta Frantziako Gobernuaren ordezkariari galde diezaioten pasabideen hesteko erabakia bertan behera gelditu dadin».
Ekimen bat martxan eman dute Bruselan
Hain zuzen ere, sei eurodiputatuk, horien artean Pernando Barrenak (EH Bildu), Europar Batzordeari zuzenduriko ekimena aurkeztu zuten joan zen astean Bruselan.
Galdera horretan pasabideen itxierak Euskal Herriko eta Kataluniako herritarrei dagokien zirkulazio askea zalantzan ematen duela oroitarazi zuten Clara Ponsati, Carles Puigdemont, Antoni Comin, François Alfoni, Claude Gruffat eta Pernando Barrena eurodiputatuek.