250 bat hazle mobilizatu dira Pauen hegaztien kanpoko hazkuntzaren defentsan
Euskal Herritik bere aldarriak eraman ditu ELB sindikatuak Pauera gaur asteartean. Bertan 250 bat hazle mobilizatu dira frantziar Nekazaritza Ministerioak hegazti gripeari aurre egiteko agindutako neurriak salatzeko.
Arratsaldeko 14.00ak aldera, Pirinio Atlantikoetako Populazioak Babesteko Zuzendaritza Departamentalaren (DDPP) egiturak Pauen duen egoitza sinbolikoki «konfinatu» dute 250 bat hazlek. Euskal Herritik ELB sindikatuak frantziar Nekazaritza Ministerioak hegazti gripeari aurre egiteko agindutako neurriak salatzeko protestan parte hartu du, Biarnoko Confederation Paysanne sindikatuarekin eta Modef plataformarekin batera.
Kazeta.eus atariak plazaratu duenez, protesta egin den bitartean bost bat ordezkari DDPPra sartu dira bertako arduradunei beraien kexak helarazteko asmoz.
Herbehereetako eta Poloniako hazkuntza industrial batzuetan hegazti gripea atzeman den testuingurua baliatuz, frantziar Nekazaritza Ministerioak, eritasuna emendatuko denaren arriskuan oinarrituz, hegazti guziak leku hetsietan egon behar direla agindu du.
Joan zen azaroaren 5ean indarrean sartu zen neurria irmoki salatu du ELBk. Sindikatuak nabarmendu duenez sail industrialeko kabalen eta pertsonen joan-jinak erregulatzeko neholako neurririk ez du hartu Ministerioak. Aldiz, ELBren ustez horiek dira hain zuzen eritasuna barreiatzea ahalbidetzen duten jarduerak.
Horregatik, hegazti gripearen kudeaketarako neurri berriak «zentzugabekeria» direla adierazi eta kanpoko hazkuntza herrikoia «bidegurutze batean» kokatua dela ohartarazi du ELBk.
Kabalak errespetatuz, kalitatezko mozkinak bermatzen dituen laborantzaren alde diren laborariekin bat egiteko deia zabaldu du euskal sindikatuak.
Araudien ondorioetaz ohartarazteko ekimena, Angelun
Ez da lehen aldia ELBk kanponko hazkuntzaren defentsan mobilizaziorako urratsa egiten duela. Frantziar Estatu mailan antolaturiko deialdiarekin bat eginez mobilizazioa egin zuen joan zen urriaren 14an Angelun.
Kanpoko hazkuntzan ari diren hegazti hazleei inposatzen zaizkien araudietaz kontsumitzaileak sensibilizatzea xede zuen ekimen horrek.
Hegazti gripearen kontrako neurriak aitzakia gisa hartuta Nekazaritza Ministaritzak kanpoko hazkuntzaren «ataka garbia» egiten duela salatu zuen orduan sindikatuak. «Ber denboran hegazti saila gero eta gehiago industrializatzen uzten du errepikatzen ari diren hegazti gripeen zergatia aztertu gabe: harat-hunaten biderkatzea, kabala kopuru haundiak, genetika berdintzea», salatu zuen.
Araudi berriak kanpoko hazkuntzan ari diren hazleen %30a desagertzeko arriskuan ezarriko ditu ELBren esanetan.