INFO

Markagailua irauli eta binakakoan garaipena lortu du Clara Azurmendik Indonesian

Beatriz Corralesekin batera, 2-1 irabazi diete Julie Finne-Ipsen eta Mai Surrow daniarrei, badminton txapelketa honetako bigarren kanporaketarako sailkapena eskuratuz. Gipuzkoarrak ostegunean jokatuko du banakako hurrengo partida.

Clara Azurmendi eta Beatriz Corrales, Indonesiako Mastersan, binakako partida hasi aurretik. (BADMINTONESP)

Oso denboraldi ona egitetik dator Clara Azurmendi donostiarra badmintonean. Iragan martxoan Austriako Irekia irabazi zuen jokalari gazteak, udaran Tokioko Olinpiar Jokoetan parte hartzeko aukera izan zuen eta urrian, Danimarkako Irekian, Super 1.000 txapelketako final-laurdenetara sailkatzea lortu zuen, historia eginez.

Gipuzkoarra momentu honetan Indonesiako Mastersan lehiatzen dihardu. Lehenengo partidan Fitriani bertako jokalariaren aurka irabazi zuen (21-18 eta 21-14) eta ostegun honetan munduko zazpigarren jokalaririk onena den Pausarla Sindhu izango du aurkari.

Asteazken honetan, ordea, binakakoan irabazi du donostiarrak. Beatriz Corralesekin batera, 2-1 irabazi diete Julie Finne-Ipsen eta Mai Surrow daniarrei, bigarren txandarako sailkapena eskuratuz.

Eta hori markagailua irauli behar izan dutela. Izan ere, lehen jokoa 21-12 galdu dute, baina Azurmendi-Corrales bikoteak buelta eman dio partidari. Bigarren seta 22-24 irabazi dute eta hirugarrenean ez dute hainbesteko arazorik izan (10-21).

Guztira ordu bete behar izan dute Indonesiako Masterseko hurrengo kanporaketara pasatzeko. Ostegun honetan bertan lehiatuko dira bertako Greysia Polii eta Apriyani Rahayu jokalarien aurka.