INFO

Mutrikun izan den eraso matxista salatzeko manifestazioa deitu dute ostegunerako

Mutrikuko emakume batek bere bikotekidearen eskutik jasandako jipoia, sexu eraso eta mehatxuak salatu dituzte Udalak eta EMA talde feministak. Gertatutakoa gaitzesteko, ostegunerako deitu duten mobilizazioan parte hartzeko deia egin diete herritarrei.

Eraso matxista baten aurkako elkarretaratze baten artxiboko irudia. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Asteburuan Mutrikun izan den eraso matxista baten berri eman dute Mutrikuko Udalak eta EMA talde feministak. Salatzeko, bihar, arratsaldeko 19.00etan, Goiko Plazatik abiatuko den manifestazio zaratatsua deitu dute. Era berean, dei egin diete mutrikuar guztiei mobilizazio horretan parte hartzera, indarkeria matxistaren aurka agertzera eta erasoa jasan duen emakumeari bakarrik ez dagoela adieraztera.

«Erasotzaileak asteburu honetan, berriz ere, beste emakume bat (oraingoan bere bikotekidea) jipoitu, sexu erasoak egin eta labanaz mehatxatu du. Emakumearen ausardiairi esker ihes egitea lortu du. Bere bizitza arriskuan egon da, eta fisikoki oso kaltetuta utzi du. Epai azkar baten ostean, aske geratu da eta emakumeari babes neurriak jarri dizkiote», zabaldu du EMAk.

Udalak, bere aldetik, «gaitzespenik irmoena» adierazi nahi izan du gertatutakoaren aurrean, eta babes eta elkartasun osoa adierazi die erasoa jasan duen emakumeari eta bere ingurukoei. «Argi eta garbi adierazi nahi dugu ez dugula emakumeen aurkako indarkeriarik onartzen. Emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituzten jarrera eta ideia matxista oro arbuiatzen ditugu», azpimarratu du.

Asteburuko erasoa kasu isolatua ez dela eta sistema baten ondorio dela adierazi du Udalak. Hala, «indarkeria matxista estrukturala» dela esan du, non «oinarrian emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eza eta diskriminazioa» dauden.

Horren aurrean, gizarte feminista eta justu bat aldarrikatu du. «Herritar guztiei indarkeria matxistaren aurrean zero tolerantzia izan dezatela eskatzen diegu. Indarkeria matxistarekin amaitzea jendarte osoaren ardura eta erantzukizuna da», dio Udalaren adierazpenak.