INFO

CAFek lehen kontratua lortu du Kanadan, 300 milioi inguruko balioarekin

Kanadako Calgary hiriak CAF aukeratu du etorkizuneko Green Line lineari zerbitzua emango dioten 28 LRV unitateak hornitzeko. 300 milioi ingurukoa da kontratuaren bolumena.

CAFek Calgaryrako egingo dituen unitateen irudia.

Kanadan lehen kontratua lortu du CAF konpainiak. Calgary hiriak etorkizuneko Green Line lineari zerbitzua emango dioten 28 LRV unitateak hornitzeko aukeratu du. Kontratuaren bolumena 300 milioi euro ingurukoa izan daiteke, ohar batean jakinarazi duenez

Unitateen diseinua, fabrikazioa eta zerbitzuan jartzea jasotzen du kontratuak, parkeko piezak, erreminta bereziak eta entsegu ekipoak entregatzea eta mantenimendu zerbitzua barne. Gainera, beste 24 LRV unitate arte handitzeko eta mantentze zerbitzua denbora tarte handiagoz luzatzeko aukera dago.

CAFek azaldu duenez, Green Line lineak Calgary zeharkatuko du hegoaldetik iparraldera 46 kilometroko ibilbidean. 20 kilometroko lehen fasea jasoko duen proiektua dagoeneko abian dago eta Shepard-eko geltokia (bertan egongo da unitateen depositua) 16 Avenue North-eko geltokiarekin (hiriaren iparraldean dago) lotuko du.

Calgary Kanadako Alberta probintzian dago, Mendi Harritsuen ekialdera, 80 kilometro ingurura. Milioi bat biztanle baino gehiago ditu eta bizi kalitate onena duen munduko hirietako bat izatearen aitorpena jaso du zenbaitetan.

Green Line eraikitzea eta abian jartzea izango da hiriaren historian azpiegituretan egindako inbertsiorik handiena. Aurrekontua 3.400 milioi euro ingurukoa izango da eta Kanadako Gobernu Federalaren, Alberta probintziaren eta Calgaryko Udalaren finantza laguntza jasoko du.

CAFek hornituko duen unitatea tranbien plataformakoa (URBOS) izango da eta 42 metroko luzeran zazpi modulu izango ditu. 288 bidaiarirentzako edukiera izango du eta haietatik 73k eserita joateko aukera izango dute. Diseinu aurreratuak segurtasun eta erosotasun handia emango dizkie erabiltzaileei eta, gainera, ezaugarri nagusien artean, ibilgailuaren irisgarritasuna eta zabaltasuna daude.

Euskal Herriko konpainiak Kanadan garatuko duen lehen proiektua da. «Enpresak nazioartean duen etengabeko hedapenaren eta hazkundearen beste erakusgarri bat da eta CAF Taldea gaur egun bost kontinenteetan garatzen ari den 40 proiektu baino gehiagori elkartuko zaio», nabarmendu dute arduradunek.