INFO

Hainbat eragile sozialek sindikatuekin bat egingo dute abenduaren 1eko mobilizazioetan

Herri mugimenduko hainbat eragile eta kolektibok abenduaren 1erako Hego Euskal Herrian ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek deitutako mobilizazio egunarekin bat egin dute.

Herri mugimenduko hainbat eragilek eta kolektibok abenduaren 1erako euskal gehiengo sindikalak deitutako mobilizazio egunarekin bat egin dute. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Abenduaren 1erako Hego Euskal Herrian ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek ‘Lan, pentsio eta bizi baldintza duinen alde. Lan eta pentsio erreformei ez. Bizi duin baterako burujabetza’ lelopean deitutako mobilizazio egunarekin bat egin dute ATH-ELE, Berri-Otxoak, Ehun, Ekologistak Martxan, Eragin, Ernai, Bilgune Feminista, Euskal Herriko Neska* gazteak, FemistAlde, Ikama, Kakitzat, Pentsiodunen Mugimendua, Sare Antifaxista, Trabajadoras No Domesticadas eta herri mugimenduko beste hainbat eragilek.

Ostegun goiz honetan, Bilboko La Bolsa jauregian egindako prentsaurrekoan gogoratu dutenez, «2008ko krisiaren ondorio lazgarriak gainditu gabe genituela harrapatu gaitu covid-19ak eragin duen osasun krisiak». Izan ere, nabarmendu dute hau ez dela soilik osasun krisi bat izaten ari, eta pandemiak «krisi anizkoitzak azkartu eta sistema kapitalista, heteropatriarkal eta kolonialistak eragindako zapalkuntzak are gehiago sakondu» duela azpimarratu dute.

Horren harira, egungo testuinguruaren eta etorkizunerako espero duten egoeraren balorazioa egin dute herri mugimenduko eragileek: «Aurreko guztiaren kudaketa negargarriak argi utzi du boteregune ekonomiko eta politikoen hautua bizitzaren sostenigarritasuna alboratu eta kapital metaketari eusteko erabakiak inposatzea dela. Irakaspenak atera eta norabide aldaketa sakonari ekin baino, datozen hilabeteotako eta urteotako aurreikuspenek argi uzten dute erabakiek ildo berean jarraituko dutela: Europar funtsen baldintzapekotasun eta norabidetik hasi, Madrilen hilabeteotan eztabaidagai dauden lan eta pentsio erreformetatik igaro eta gure herriko aurrekontu eta berdintasun politika zein politika sozialetaraino».

Horregatik, ‘Lan, pentsio eta bizitza duina. Lan eta pentsio erreformei ez. Bizitza duinerako, burujabetza’ «oinarrizkoak diren aldarrikapenak» batzen dituela nabarmendu dute.

Lan guztiak aitortu eta banatzeko neurriak hartzeko eta enplegurako baldintza duinak bermatzeko ordua dela adierazi dute: «Prekaritatera kondenatutako langile belaunaldi berrion aldarrikapena da hau, bazterrean eta ezkutuko lanetan gauden emakumeona, bizirauteko nahikoak ez diren langabezia prestazioak jasotzen ditugunona».

Era berean, urtetako borrokaren ondorioz irabazitako eskubideen murrizketarik ez dutela onartuko argi utzi dute, eta besteak beste pentsio duinerako eskubidea aldarrikapena goratu dute: «Bai orain pentsiodunak garen zein eta etorkizunean izango garenonak. Genero arrakalarik gabeko pentsio sistema, erosahalmen errealari lotutakoa, propioa, publikoa eta unibertsala».

«Finean, gutxi batzuen diru eta botere gosearen gainetik, pertsona guztien bizitzak, gure herriaren eta planeta beraren biziraupena erdigunean jarriko dituzten neurri politikoak aldarrikatzen ditugu. Ezinbestekoa da, beraz, norabide aldaketa sakon bat, ezinbestekoa den bezala erabaki burujabeak hartu eta gauzatzeko eskubidea eta gaitasuna izatea. Guzti honek, egunotan eztabaidagai diren lan eta pentsio erreformen batailan posizioa hartzera garamatza. Ez gaude prest gure bizitzak pobretu eta prekarizatuko dituzten murrizketa berriak onartzeko. Euskal Herriko feministak, ekosozialistak, gazteak, ikasleak, eskubide sozialen aldeko aktibistak, antimilitaristak eta independentistak ez gaude eszenatoki hau onartzeko prest», nabarmendu dute.

Horregatik, «begi onez» ikusi dute euskal gehiengo sindikalak luzatutako proposamena eta abenduaren 1ean mobilizaziorako deia egiten dute Hego Euskal Herriko eragile sozialek.

Mobilizazioak 11.00etan hasiko dira Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Zehazki, Bilbon Udaletxetik, Donostian Gobernu Zibiletik, Iruñean CENetik eta Gasteizen Probintzia plazatik. Arratsaldez, besteak beste, honako herrietan mobilizazioak izango dira: Durango, Algorta, Basauri, Barakaldo, Zalla, Galdakao, Mungia, Erandio, Zornotza, Igorre, Ondarroa, Beasain, Tolosa, Hernani, Irun, Errenteria, Azpeitia, Zarautz, Eibar, Arrasate, Tutera, Lizarra, Agurain eta Laudio.