INFO

«Atera zuen arrosarioak gure obarioetatik», abortua Kolonbiako Konstituziogilean

Kolonbiako Konstituziogileak abortuaren legeztatzearen inguruko erabakia atzeratu du. Beranduenez, datorren ostiralean hartu beharko du. Egun, abortua debekatuta dago herrialde hego amerikarrean.

Abortuaren legeztatzearen aldeko manifestazioa Bogotan. (Raul ARBOLEDA/AFP)

Kolonbiar Gorte Konstituziogileak abortu eskubidea legeztatzearen inguruko aferaren inguruko sententziaren iragarpena atzeratu du. Gehienez, datorren ostiralera arte, azaroaren 27a arte, luzatu ahalko dute eztabaida magistratuek. Bitartean, ehunka pertsona manifestatu dira Konstituziogilearen atarian; batzuk alde eta besteak kontra.

Oraingoz, haurdunaldiaren etetea zigortuta dagoen delitu bat da Kolonbian eta, ondorioz, norbere gorputzaren inguruan erabakitzeagatik lau urte eta erdirainoko kartzela zigorrak pairatu ditzakete emakumeek. Kartzela zigorra saihesteko xedez, abortuak metodo prekario eta klandestinoekin egiten dituzte emakume kolonbiarrek, beraien bizitzak arrisku larrian jarriz.

Ehun pertsona inguru batu dira ostiral honetan Gorte Konstituzionalaren aurrean, Bogotan, magistratuek erabakiaren inguruan eztabaidatzen duten bitartean. Alde batetik, Hego Amerikan emakumeen erabakitzeko eskubidearen ikur bihurtu den zapi berdez jositako feministak batu dira. Eta, bestetik, abortuaren aurka daudenak, gehienak erlijio sinesmenak bultzatuta.

Feministek «atera zuen errosarioak gure obarioetatik» eta «ez ama behartuta, ez preso abortatzeagatik, ez hila saiatzeagatik» bezalako aldarrikapenak plazaratu dituzte. «Auzitegi Konstituzionalari abortuaren delitua Zigor Kodetik kentzeko eskatzeko gaude gaur hemen», adierazi du Cristina Rosero Ugalketa Eskubideen Zentroa GKEko lege-aholkulariak.

«1988tik gaur arte 5.000 emakume izan dira auzipetuak Kolonbian beren gorputzei buruz erabakitzeagatik eta haurdunaldiak eteteagatik», salatu du Roserok.

Jazarpenak ez ditu ekiditen

«Delitua izateak ez du saihestu seguruak ez diren abortuak amaitzea, kontrakoa baizik, abortuak baldintza ez-seguruetan areagotzen ditu», adierazi du Roserok, Gorteak abortua legeztatzeko erabakia hartzea eztabaidatzen aritzeko arrazoi nagusia hau dela gogoraraziz.

Izan ere, abortuaren aurkako eragileek diotenaren kontrara, haurdunaldiaren etetea debekatzeak «ez ditu bizitzak salbatzen». Alderantziz, emakumeak abortua burutzeko metodo klandestino eta prekarioak erabiltzera behartzen ditu.

Hori horrela, urtero, abortatu nahian 70 emakume inguru hiltzen direla Kolonbian plazaratu du Muga Gabeko Medikuak GKEak argitaratu duen txosten batek. Abortu klandestinoetan emakumeek jasan ditzaketen arriskuak hauek dira, besteak beste: abortu partziala (ez dira ehun enbrionario guztiak kanporatzen), hemorragiak, infekzioak, uteroaren perforazioa eta puntua egiteko orratzak edo kristalak aparatu erreproduktorean sartzeak eragindako traumatismoak.

Honen ondorioz, abortua ama-hilkortasunaren laugarren kausa da herrialde hego amerikarrean, eta kalkulatzen da Kolonbian urtean egiten diren 400.000 abortuetatik %10 baino gutxiago egiten direla osasun-etxeetan, behar bezalako kontrol eta profesionalekin.

Magistratuen aurkako jazarpena

Prozesu judiziala martxan jarri zenetik, kasuan inplikatutako magistratuek mehatxuzko milaka e-mail eta mezu jaso dituzte, abortua legeztatu ez dezaten exigituz. Hori horrela, ‘Ojo Público’ hedabideak argitaratu duen ikerketa baten arabera, azaroaren bi egunetan soilik auzi honetan diharduten epaileek 1.500 korreo baino gehiago jaso zituzten.

Honezaz gain, prozesua hasi zenetik etengabeko jazarpen txioak jaso dituzte twitterren eragile antieskubide eta ultraerlijiosoen aldetik. Hala ere, 2006an abortua hiru kasu eskasetan despenalizatu zenetik, eragile hauek erabateko penalizazioaren alde ibili dira borrokan.

Egun, Kolonbian amaren bizitzaa arriskuan baldin badago, haurdunaldia intzestukoa zein bortxaketa baten ondoriozkoa denean edo fetoak malformazioak dituenean bakarrik dago baimenduta haurdunaldiaren etetea.