INFO

Peñak eta Albisuk iazko bide on beretik ekin diote Binakako Txapelketari (15-22)

Iazko txapeldunordeek garaipen batekin hasi dute aurtengo edizioa Berriozarren Jaka eta Mariezkurrena menderatu ostean. Albisu sendo azaldu da atzean eta aurrean Peñak kolore guztietako tantoak egin ditu.

Peña eta Albisu indartsu sartu dira aurtengo Binakako Txapelketan (Monika DEL VALLE / FOKU)

Jon Ander Peñak eta Jon Ander Albisuk, iazko txapeldunordeek, itxura bikaina emanez ekin diote aurtengo Binakako Txapelketari. Gipuzkoarrek 15-22 menderatu dituzte Erik Jaka eta Jon Mariezkurrena Berriozarren jokatu den neurketa bizian.

Iaz finalera iristeko erabili zuten joko bera erakutsi dute ostiral gauean urdinek. Albisu oso sendo agertu da atzeko koadroetan, Mariezkurrenaren kolpeari ongi eutsiz eta ia hutsik egin gabe. Eta aurrean Jon Ander Peña bereziki inspiratuta egon da: 15 bat tanto egin ditu jokoan eta 4 sakez –batzuk Mariezkurrenak errestoan galdutakoak–.

Gorriak saiatu dira aurkarien erauntsiari eusten, baina ez dute lortu. Hasieratik galtzen hasi dira eta tarteka markagailuan hurbildu arren ez dute inoiz emaitza parekatzea lortu.

Izan ere, Peña eta Albisu 0-5, 1-8 eta 3-10 aurreratu dira markagailuan. Peñari dena irten zaio lehen zati horretan eta bera izan da protagonista nagusia eta ia bakarra. Datu bat: 1-8koan tanto guztiak berari apuntatuta genizkion, sei jokoan eginak, bi sakez eta gorrien aldekoa berak motzegi ateratako sakea.

Lehen bolada hori pasata, gorriek lortu dute markagailuan apur bat inguratzea. Lehen atsedenaldian urdinak 7-12 aurretik ziren oraindik, baina Erik Jakak segidan txokoan egin dituen hiru tanto ikusgarrirekin 12-15 hurbildu dira.

Gorrien une onenak izan dira. Bere herriko lagun eta jarraitzaileek bultzata, Mariezkurrenak pilota ongi atzeratu du eta Jakak tanto ederrak sinatu ditu.

Baina lizartzarrak txapa azpira bota duen horma-biko batek sakea urdinei itzuli die eta Mariezkurrenaren huts nabarmen baten ondoren tartea berriz ere handitu egin da. Bigarren atsedenaldira 12-18 iritsi da dema.

Azken txanpan beste saiakeratxo bat egin dute gorriek, baina alferrik izan da eta amaiera horretan aipagarriena Jakak ETBko kameralari bati eman dion zartakoa izan da. Kamera beste aldera begira zegoen eta zabaletik pilota bat ekartzera joan denean jo eta lurrera bota du aurrelari gipuzkoarrak.

Azkenean, 55 minutu eskasen ostean, emaitza 15-22koa izan da eta ligaxkako lehen puntua Peña eta Albisurentzat.