Real Madrilen aurka ikusiko da Neven Spahijaren eskurik igartzen den ala ez
Gasteiztarrek hiru egun izan dituzte entrenatzaile berriaren jokatzeko moldera ohitzen hasteko. Defentsako lanari eman dio batez ere garrantzia Sibenikeko entrenatzaileak neurketa bezperako prentsaurrekoan. Real Madrilen aurka aurrez urriaren 31an jokatu zuen Baskoniak eta 65-83 galdu zuen.
Astebetean hiru neurketa jokatu eta gero, «hiru egunetako arnasaldia» izan du Bitci Baskoniak. Hiru egun horietan Real Madrilen aurka ostegunean 20.30ean izango duen partida prestatzeko denbora izan du. Baina are garrantzitsuago dena, Neven Spahijak zer nahi duen ezartzen hasteko modua. Orain arte, Belgradeko Izar Gorriaren aurka batez ere, Sibenikeko entrenatzailearen laguntzaileak izan dira taldea eraman dutenak, eta tarteka, kroaziarrak ñabardura batzuek ezarri ditu bere jokalariengan. Orain, hiru egunen buruan, ikusi egin behar Neven Spahijak Baskonia «berri» baten aurreneko zantzuak ezartzea erdietsi duen ala ez.
Erreferentzia eta guzti dator Real Madril Gasteiza. Urriaren 31an Pablo Lasok gidatzen duen taldeak nahi izan zuen guztia egin zuen Baskoniarekin: 65-83 amaitu zen norgehiagoka. Errebotean sekulako nagusitasuna erakutsi zuten madrildarrek eta etxekoek, astean zehar Errusian egundoko bi belarrondoko jaso eta gero, bost egunen buruan hirugarren porrota jasan behar izan zuten.
«Defentsan eta erasoan gauza ezberdinak landu ditugu eta aldaketa batzuek ikusiko dira», aurreratu du Neven Spahijak berak partida bezperako prentsaurrekoan. Asteburu honetan ACB Ligako jardunaldirik ez dagoenez, «aldaketa gehiago» agindu ditu hurrengo neurketetara begira, baina itxura baten, bere «zigilua» izan nahiko lukeen «abiadura» hori ezartzen saiatuko da Saski Baskoniaren entrenatzaile berria.
«Hasteko eta bat, Europako barruko jokorik onena dauka Real Madrilek», aitortu du gasteiztarren entrenatzaileak. «Baina hegaleko eta antolatzaileekin ere joka genezake. Beheko zutabean abantaila lortzea zaila da, baina barneraldiak eta beste zenbait gauza egin ditzakegu», azpimarratu du. «Azken baten, defentsatik hasten da dena», gaineratu du.
«Europako talde onenei irabazteko, hobeto defenditu behar duzu. Defentsa, blokeoak, blokeoen irteetak, paseak... landu eta hobetu behar ditugu», nabarmendu du Spahijak. Zentzu horretan, bezperan Giedraitisek esandakoarekin badu zerikusirik. «Abiadura lantzen dugu. Talentua badaukagu, baina orain defentsa gogortu eta korrika ateratzea dugu xede», azaldu baitzuen hegaleko lituaniarrak.
«Ziur hobea izango dela»
Bere taldetik, Pablo Laso Real Madrileko entrenatzailea ere, ez da fio. Gasteiztarrak ederki ezagutzen du Baskonia eta badaki jakin entrenatzaile aldaketa egon baldin bada, emaitza hobeak lortzeko itxaropenaz egin dela.
«Entrenatzaile berri batekin aldaketak ziur egingo dituztela; ikusi egin behar. Gogoan izan behar da oraindik ere Costello eta Alec Peters min hartuta daudela, eta horiek itzultzen direlarik, ziur nago Baskoniak gorantz egingo duela», aipatu du Lasok.
Real Madrilek berak ere Nigel Williams-Goss antolatzailea berreskuratu du, lesioa atzean laga ostean. Dena dela, Randolph, Alocen eta Jeff Taylor faltako ditu Real Madrilek, nahiz eta madrildarrek jokalari falta Baskoniarena beste ez den igartzen, sekulako lantalde zabala dauka-eta.
«Gure betebeharra Baskoniaren aurka lehiatzea da. Entrenatzaile aldaketarekin jokoan zernolako aldaketak egiten dituzten antzematea dagokigu, eta hor egongo da gakoa», azpimarratu du Pablo Lasok, azkenik.