INFO

‘TXOMIN. Aurrera bolie’ liburuaren aurrerapena

Asteburu honetan jarriko da salgai GARArekin batera ‘TXOMIN. Aurrera bolie’ liburua. Jokin Urainek idatzia, Txomin Iturbe ETAko buruzagi izandakoaren biografia kontatzen du, testigantza zuzen ugariren bitartez. Hona hemen aurrerapena.

Este navegador no soporta el elemento video.


(...)

«Kapera ez zen handi-handia, baina altua bai –gogoratzen du Makak–. Goian hiru bat leiho erdi-puntuko zituen alde banatan, altura handian, eta behean ere leihoak. Behekoak margotuta zeuden barruko aldetik. Barruan paretak pintatu samarrak zeudela uste dut, baina goieneko aldea ez guztiz. Aldamio bat muntatu zuten barruan, kaperaren goiko partea eta goiko leiho haiek margotzeko. Burdinazko aldamioa zen, eta aldamioan oholezko estaia batzuk. Nik uste dut goieran sei edo zazpi metro izango zituela erraz kaperak. Sarreran bazegoen beste gela moduko bat oso altua ez zena eta hura margotuta zegoen, baina kaperaren goiko parte hori eta beste gauzatxo batzuk falta zen amaitzea».(…)

«Ni beste batekin iritsi nintzen Aljeriara –gogoratzen du Ane Mirenek–. Nirekin etorri zena Medean beste etxean zeuden kideengana joan zen, eta ni komentura. Txomin etorri zen nire bila eta, bidean, berriketan gindoazela, aipatu zidan buruko minekin zebilela. Pastilla batzuk eman zizkiotela eta hartzen zituela, baina ez ziotela ezer egiten. Buruko min handiak zituen».

Ez zen, ordea, kexaka aritzen direnetakoa, eta komentuko egunetan ere purrustada, adar jotze eta kirtenkeriak gehiago izaten zituen buruko minen kexak eta kontuak baino.

–Jaukanat buruko min bat! Pastilla hauek ez dosten ezer egiten, ez dosten buruko minik kentzen –aipatzen zion Ane Mireni, eta istripuaren aurreko egunean ere esan zion.

«‘Buruko mina jaukanat, kristoren buruko mina...’ Aljerreko aireportutik Medeara bidean esan zidan lehen aldiz, eta ondorengo egunetan ere aipatu zidan; ‘buruko mina jaukanat ikaragarrixa’. Medikuarengana joan beharko zuela esaten nion, baina, “ba, medikoa!...”, eta betiko kontuekin erantzuten zidan, mediku konturik nahi ez dugunok esaten ditugunak. Txomin ez zen edozein minengatik eta edozer gauzagatik kexatzen».

Egunak zeramatzan horrela, baina sendagairen bat hartzen zuen, pastilla batzuk, nahiz eta minik ez kendu. Dena den, lanari ekiten lehena izaten zen; egundo ez zen ibiliko lanetik ihesi, aitzakiatan, edo lan errazagoren baten bila.

Istripuaren eguna beste edozein egunetako martxarekin hasi zuten kideek; jaiki, batzuek kirol apur bat, korrika egin... eguneroko errutina. Ondoren, gosaldu eta lanari ekin.

–Pintatzera hoa, buruko min horrekin? Ba pinturak ez dik mesede handirik egingo –esan zion Ane Mirenek, eta halakoetan ohi zuen errosarioarekin erantzun zion:

–Bai, neuk ein ezien, bajakinat nik... Hemen dauen komunismue, bajakinat nik –bere diskurtsoa bota zion Txominek–. Ni Etxazuriko Pilarren semie non; zuen komunismuekin nik barre eitten jonat...

Taldean baziren beste batzuk ere lanari ekiteko aitzakiarik ez zutenak, Txomin bezain bizkor ekiten ziotenak edozer lani, eta kaperako goiko leihoak margotzera igo izan zen kideetako beste bat. Baina Txominek ez zuen nahi leku hartara beste inor igotzea; berak egin nahi zuen hura, ez zuelako leku oso segurua ikusten, arriskua zegoela ohartzen zelako. Dena den, lanean hasi ziren, bat honi kolpeka, bestea hor, bazterrak txukundu... Egun horretan Pelopintxo eta beste bati tokatzen zitzaien sukaldeko lana» (...)