Zazpi abeltzain atzeman dituzte Hego Euskal Herrian albaitaritza-botikak erosteagatik
Albaitaritza sendagaiak lauzpabost aldiz garestiago dira Ipar Euskal Herrian Hego Euskal Herrian baino. Horrek hainbat laborariren kexak pizteaz gain tarteka auzitegietan amaitu diren prozedurak eragin ditu azken urteotan. Ostegun honetan jakin denez zazpi abeltzain atxilotu zituzten herenegun.
Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak ostegun honetan jakitera eman duenez lau nekazal esplotazioetan lan egiten duten zazpi hazle atxilotu zituzten azaroaren 23an «debekaturiko botikak» erosteagatik. Oharraren arabera albaitari baten errezetak baliatuta lortu zituzten aberei emandako botikak.
Hainbat ordu jendarme-etxean igarota aske utzi zituzten abeltzainak, baina prozedura zabalik dagoela gaineratu du fiskalak.
Ez da lehen aldia abeltzainen aurka auzi prozedurak zabaltzen dituztela Hego Euskal Herrian albaitaritza osagaiak erosi ondoren beraien kabuz botika horiek kabalei emateagatik.
Hala 2013ko abenduan Baionako auzitegiak 1.700 eta 18.000 euro arteko isunak ezarri zizkien hamabi bat hazleri «debekaturiko osagaiak» inportatu izanagatik.
Horren ondotik Paueko Dei Auzitegiak dosierra aztertu zuenean FDSA eta Confederation Paysanne sindikatuen sostengua jaso zuten abeltzain horiek «frantziar albaitarien lobbya»ri egotzi zioten gertatukoaren ardura nagusia.
Beraien erranetan, osagai berdinak lauzpabost aldiz garestiago ordaintzera behartuta daude Pirinioen iparraldeko hazleak. Orduan abeltzain horiek azaldu zutenez, «ezer ez da ilegala, albaitaritza botika berdinak dira bi aldeetan, diferentzia bakarra da bestaldean albaitariek ez dutela, hemen bezala, beraien diru-sarreren %70a lortzen botiken salmentaren bidez».
Nafarroa Garaiko albaitari bat jomugan
2013ko auzi horrek Nafarroako albaitari bat jarri zuen jomugan. Baionako prokuradoreak herenegun martxan jarri zen operazioari buruz ostegun honetan zabaldu duen agiriak ez du zehazten nongoa den albaitaria. Nolanahi ere, prokuradoreak azaldu duenez «nafar eskualdeko bentetan» jasotzen zituzten ikerketapean dauden zazpi hazle horiek «debekatutako botikak».
Prokuradoreak ikerketaren nondik norakoak eman ditu ohar horretan. Azaldu duenez, «aipaturiko jarduerek elikagaien ekozpenaren eremuan sor ditzaketen osasun arriskuak aintzat hartuta» Paueko zerbitzuekin batera behin behineko ikerketa abian eman zuen Baionako auzitegiak iragan ekainean.
Prozedura horretan oinarrituta, herenegun polizi operazioa gauzatu zen. Erran bezala, orotara zazpi hazle atzeman zituzten. Prokuradoreak idatzi duenez «I. edo II. zerrendetan agertzen diren antibiotikoen inportazio eta erabilpen ilegala probatzen duten elementuak atzematea ahalbideratu zituzten miaketak» egin ziuzten poliziek lau nekazal esplotazioetan.
Dagoeneko atxiloturiko nekazariak aske badaude ere ikerketa zabalik dagoela oharrarazi du prokuradoreak. Finean, Seprona eta Guardia Zibilarekin batera eginiko operazioaren ondorioz «albaitaritza botika salmenta eta erabilpen ilegala» saihesteko neurriak hartu dituztela mugaz bi aldeetan nabarmendu du.