INFO

Covid ziurtagiriak lasaitasuna baino ziurgabetasuna eraman du Nafarroara

Covid ziurtagiria hizketagai nagusi da Nafarroan. Ostiral gauerditik beharrezkoa da zenbait ostalaritza lokaletan sartzeko. Arazo handirik ez zen izan; kritikak, ordea, asko.

Lokalera sartzeko pasaportea beharrezkoa dela azaltzen duen kartela. (Idoia ZABALETA / FOKU)

Javier, Cocina Vasca tabernaren arduraduna, kexu da: «Ez digute ez aplikazio bat bidali, ez bestelako erraztasunik eskaini». Salatzen duenez, covid ziurtagiria eskatzeak ez du bermatzen jendeak beste norbaitena ez erabiltzea, haiek, ostalariak, ez baitira nor inori NANa eskatzeko. Ostiraleko gaua lasai igaro zen, Iruñeko Alde Zaharrean jende gutxi ibili zen, eta Cocina Vascan ez zuten arazorik izan neurriaren aplikazioarekin.

Ostiraleko gauerdian “covid pasaportea” delakoaren erabilera indarrean sartu zen Nafarroan. Honakoei eragiten die: Diskotekei, festa aretoei, kafe- ikuskizun lizentziadunei, lizentzia berezia duten tabernei (00.00etatik aurrerakoak), jantokian 60 pertsona baino gehiago sartzen diren jatetxeei eta mila pertsona baino gehiago biltzen dituzten ekitaldi kulturalei, espazio itxietan garatzen badira eta janari eta edari kontsumoa badago. Horregatik, Aitanaren atzoko kontzertuan ez zen janari eta edaririk kontsumitzeko aukerarik izan, ezta biharko Osasunaren partidan ere.

Terminal taberna, Cocina Vasca bezala, lizentzia berezia duen taberna da; 04.00etan ixteko aukera du, lizentzia arrunta duten tabernek baino ordubete beranduago. Nerea, tabernaren jabea, haserre dago: «Neurria gurea bezalako ‘taberna bereziei’ eta diskotekei zuzenduta dago; aldiz, goizeko hiruretan, guk baino ordubete lehenago, ixten duten tabernei, bajerei edo elkarteei ez die eragiten. Ez du zentzurik. Ezer konponduko ez duen neurri errepresibo bat da», nabarmendu du. Pandemiak Terminal eta beste zenbait taberna atezainak kontratatzera eraman ditu eta asteburu honetan indarrean sartutako neurriak lan karga handitu die atezain horiei: «Beste atezain bat behar dugu eta ez digute laguntzarik eskaini», kexu da.

Zentralen ere ostiralekoa gau lasaia izan zen. Areto handia da,  kafe-ikuskizun lizentziaduna. Atezainak ditu, eta ostiral gauean ez zuen aparteko arazorik izan. Sarrera moteldu zitzaien, atezainak bezero guztiek covid ziurtagiria zutela baieztatzen aritu zirelako eta pasaportea deskargatuta ez zutenak bertan deskargatzen aritu zirelako. 

Zalantzak eta kezkak

Arrotxapeko La Runa sagardotegiko jantokian ia 150 pertsona sartzen dira. Langileak mahaiak jartzen ari zirela, oraindik ez zuten garbi zer eta nola egin behar zuten. Erabakia zuten atezainik ez jartzea eta jendeari covid pasaportea mahaietan esertzean eskatzea. La Runako langileek, Cocina Vasca, Terminal eta Zentral aretokoek bezala, Covid Check aplikazio ez ofiziala erabili dute. Hori da ostalarien kezketako bat: aplikazio ofizial baten falta.

Covid pasaportea eskatzera behartuta ez dauden tabernek ere neurriaren eragina sumatu dute. Karmen kaleko Herriko Tabernako jantokiaren edukiera ez da iristen arauak ezartzen duen hirurogei pertsonara. Hala eta guztiz ere, tabernako edukiera maximoa 59 pertsonara mugatzea erabaki dute, ateko kartelak zehazten duen bezala. Modu horretan, covid pasaportea eskatzera behartuta egon ez arren, Herriko Tabernak balizko arazoak ekidin nahi izan ditu.

Oso bestelako irizpidearekin, Zentral aretoarekin bazkidetuta dagoen Hamabi jatetxean covid pasaportea eskatzea pentsatzen ari dira, Herriko Tabernak bezala hirurogei bezeroen langa gainditzen ez badu ere.

La Runak eta Herriko Tabernak covid pasaportearen eragina jantokiko erreserbetan nabaritu dute. La Runan erreserba egina zuten talde batzuk murriztu dira Nafarroako Auzitegiaren erabakiaz geroztik; covid pasaportea eraman behar izateagatik erreserba izanda txertoa jarri ez duten pertsonek erreserba bertan behera utzi dute. Herriko Tabernan, berriz, erreserbak egin dituzten zenbaitek pasaportea eskatuko ote duten galdetu dute, kuadrillako norbaitek txertorik hartu ez duela-eta. Kazetariaren galderei erantzun dien tabernariaren kalkuluen arabera, gutxienez txertoa jarri gabeko bost pertsonak erreserba egina zuten astebururako.

Covid pasaportea, beste zama bat dagoeneko zigortuta dagoen ostalaritza sektorearentzat. Aplikazio ofizialik eta laguntzarik gabe, Nafarroako Gobernuak zehaztutako baldintzak betetzen dituztenak haientzat antinaturala den neurri bat martxan jartzera behartuta aurkitu  dira, kasu batzuetan materialean edota langile gehiagoren kontratazioan inbertsioak egin behar izan dituztelarik.
Iruñeko Gobernuak iragarritakoaren arabera, covid ziurtagiria ezinbestekoa izango da, aipatu jatetxe eta ostalaritza lokaletan, heldu den urtarrilaren 7a arte. Ordura arteko denbora luze egingo zaie bezeroei baino gehiago bertako langileei.