INFO

Arbonako auzapezaren salaketagatik, Lurzaindia eta bere presidentea auzipeturik

2018an Lurzaindiak Arbonako Herriko Etxeak etxebizitzak eraikitzeko laborantzarako lurrak 50 aldiz garestiago erosi izana salatu zuen eskuorri baten bidez. Marie-Josee Mialocq auzapezak difamazioagatik salaketa jarri zuen. Hainbat gibelatzeren ondotik, astearterako iragarri dute auzia Baionan.

Laborantza lurraren galera gelditzeko asmoz aspaldiko borroka darama Lurzaindia elkarteak. (NAIZ)

Dominique Amestoy Lurzaindiako presidenteak Baionako auzitegira joan beharko du astearte honetan. Marie-Josee Mialocq Arbonako auzapezak difamazioagatik ezarritako salaketari aurre egin beharko dio Lurzaindia elkartearen izenean.

Egun erretretan den laborariari 14.00etan ezarri diote hitzordua auzitegian. Berari sostengua emateko elkarretaratzea deitu du, ordu erdi lehenago, nekazaritza lurrak babesteko lan egiten duen elkarteak.

Oroitzearren, 2018an Lurzaindiak eskuorri bat banatu zuen Arbonan etxebizitzak eraikitzeko laborantza lurren erosketaren operazioa salatzeko.

«Laborantzarako lurra bere balioa baino kasik 50 aldiz karoago erosiz, espekulazioa bultzatzen da eta laborantzako aktibitatea izugarri kaltetzen, bereziki herri batengatik egina delarik», salatu zuen orduan elkarteak.

Zehazki, Etxeta izeneko lotizamendua (etxea eraikitzeko lur saila) eraikitzeko hektarea bat 333.330 euroan erosi izana, lur horien balioa hektareako 7.000 euro ingurukoa zenean, salatu zuen Lurzaindiak.

Arbonako auzapezak gezurtatu egin ditu trakta horretan elkarteak jasotako informazioak. Marie-Josee Mialocqek Mediabask.eus hedabideari azaldu dioenez, «nire duintasunaren aurkako eraso bortitza jasan nuen eta nire burua behar dut defendatu, are gehiago eskuorrian benetakoak ez ziren xifrak jaso zituztenean».

«Bi lotizamendu 118.000 euroan saldu ziren eta garestiena 165.000 euroan, 17 urteko iraupena zuen espekulazioaren aurkako berme batekin gainera», zehaztu du udan berriz ere hautatua izan zen auzapezak.

Lurzaindiaren lana errespetatzen duela gehitu du, bide batez Domique Amestoyen aurkako salaketa jarri izana gezurtatuz. «Ezezagun zitzaidan pertsona X baten kontra ezarri nuen salaketa eta fiskalak identifikatu zuen eskuorriaren ustezko egilea eta berari zabaldu zion prozedura», nabarmendu du hautetsiak.

Elkartearen azalpenekin ez dator bat auzapeza

Lurzaindiak bere agirian azaldu duenez, 2017ko ekainean Arbonako Herriko Etxeak 2013ko Hirigintza planan (PLU) laborantzako eremu gisara izendatuta zegoen 14.871 m2ko lur zatia erosi zuen 550.000 euroan, zortzi lotizamendu bat sortzeko xedearekin.

2017ko abuztuan, auzapezaren erabaki baten bidez, lur zati horren gainean Obratze Baimena onartu zen.

Lurzaindia elkarteak eta herritar batzuek baimen horren ezeztatzeko eskaera bat egin zuten 2017ko urrian, Auzitegi Administratiboan. Obrak hasiak zirenez, lanak geldiarazteko prozedura bat gehitu zuen.

2018ko apirilaren 10ean, Paueko Auzitegi Administratiboak Obratze Baimenaren gauzatzearen gibelatzea deliberatu zuen, «legearen aldetik duda serios bat» zelakoan.

Geroztik, Arbonako Hirigintza planaren berrikusketa onartua izan zen, baita «zero artificialisation nette» izeneko legea ere.

Auzapezaren arabera, lege arau horien bidez herriko lurretako %83a laborantza lur gisara ezaugarritu dituzte. Bestelako iritzia du Lurzaindiak. Elkarteak salatu duenez, «Herriko Etxeak bere estrategiarekin segitzen du eta batzorde ireki bat plantan ezarri du legea urratzen duten eraikinak erregularizatzen entseatzeko».

«Etxeta izeneko lotizamenduko jabeek bizi duten egoera minberatsu horren errudun bakarra auzapeza da», gehitu du elkarteak, «Lurzaindia eta haren lehendakaria zuzengabeki hobendun ekarriak izaitea» deitoratuz.

Horrendako elkarretaratzea deitu du astearte honetan, 13.30ean, Baionako auzitegiaren aitzinean.

Lurzaindia elkarteak espekulazioaren aurkako engaimenduarekin jarraituko duela berretsi du.

Hala, «Marieneian lurra zain dezagun» lelopean heldu den abenduaren 4an, 10.00etan, Kanbon deituriko elkarretaratzean parte hartzeko deia zabaldu du.