Euskal Herriko iruditeria kolektiboaren garrantzia neurtu du Udalbiltzak bere azken ikerketan
Aztikerrek Udalbiltzako Ikerbiltza ildoaren baitan Euskal Herriaren kohesioa ardatz duen bigarren ikerketa egin du. Ondorioztatu da eskualde bakoitza desberdina den arren, guztietan kolektiboaren parte garela sentitzea garrantzitsua dela.
2019 eta 2020an egindako ikerketa batean Euskal Herriak azken hamarkadetan izan duen saretze maila aztertu zen, kohesioa helburu duten ekimenen bitartez. Ikerbiltzaren ildoko bigarren ikerketa orokor batekin dator oraingoan Udalbiltza: azterketa kualitatibo bat egin du Euskal Herrian zehar eredugarriak baloratzen diren komunitate eta eremuen inguruan.
Oraingo honetan, helburua izan da komunitate edo eremu horiek kohesionatzen dituzten balore eta ezaugarriak identifikatzea, bertan inplikatutako norbanakoen bizitzetan nolako presentzia eta garrantzia duten ulertzeko.
Kontutan hartu diren eskualdeak Arratia, Goierri, Nafarroako Erribera, Sakana eta Zuberoa izan dira, eta eragileak, berriz, Euskal Herriko Bilgune Feministaren Durangoko taldea, Gaur Geroa pentsionisten elkartea, EHKOlektiboa, Euskal Herriko laborantza ganbara, Euskoa eta Aiaraldea Ekintzen Faktoria.
Guztiak aztertu ostean ondorioztatu da eskualde eta eragileak oso desberdinak diren arren, guztiek dutela herritarrak saretzeko ahalmena, jendea bildu eta zerbaiten parte direla sentiarazten dituztelako. Izan ere, eskualdeen kasuan herritarrek eraikitzen duten iruditeria bizigarritasunaren eta bizi-kalitatearen inguruan egituratzen da. Alegia, tokiko bizimoduak baldintzatzsen du taldea.
Eragileen kasua, aldiz, ideia zehatz batekin bat egiten duten herritarrak biltzen direnez, diskurtsoak du garrantzia eta horrek eran nahi du taldekidea dena era aktibo batean erabaki duela talde horren parte izatea. Errealitatean eragin eta hori aldatzeko nahiak bultzatzen du jendea proiektu baten parte izatera.
Hala, talde baten parte izatearen arrazoiak desberdinak direna ikusirik, guztiek ematen dute talde-identitatea, kohesioa eraikitzeko ezinbestekoa. Hori dela eta, Udalbiltzako ikerketak ondorioztatu du denek konpartitzen dutela iruditeria kolektibo bat eta proiektu izaera.
Aztergaiak
Eskualdeak aztertzerako garaian, lurralde bakoitzaren ezaugarriak izan dituzte kontutan. Antzerako elementuak agertu diren arren, pertsonalizatu behar izan dituzte aztergaiak galderak egin eta eztabaida sustatzerako garaian.
Hala, Arratiaren kasuan, eskualdearen euskalduntasuna, lurraldearekiko atxikimendua eta zonaldearen nortasuna eta migrazio prozesuak eta herritarren arteko harreman-sareak dira aztertu dituzten ezaugarriak.
Goierrin zonaldearen berezitasunak (lurralde txikia baina kontraste handiko eremuak dituena), zerbitzuak, gazteen aukerak, euskara, landa eremua, aniztasuna eta identitatea izan dituzte kontutan.
Nafarroako Erriberan bertan bizitzearen inguruko hausnarketa proposatu zuten: herri txiki eta itxiak, aniztasuna, periferia, euskalduntasuna, lurraldearekiko atxikimendua eta bizitza kolektiboa dira honen ezaugarriak.
Honekin alderratzeko, Sakanan honako ezaugarriak aztertu dituzte: hizkuntza eta aniztasuna, ohiturak eta Sakanatik kanpora migratzea.
Zuberoan zerbitzuak, gazteen aukerak, zuberotarra izateko moduak, landa eremua, euskara, ohiturak, migrazioak (bi norabidetan) eta herrien arteko harremana aztertu dituzte.
Eragileei dagokionez, galdera berdintsuak egin dizkiete taldekideei, talde bakoitza izaera desberdina duen arren, funtzionamendua antzerakoa delako. Kideen deskribapena, proiektua, taldearen barne eta kanpo harremanak eta kohesio diskurtsoa aztertu dira batez ere.