Ugaitz Susperregi, joko-garbitik erremontera, saskia hari eroale gisa
Aurrelari oiartzuarrak 26 urterekin egingo du debuta larunbat honetan Galarretan, Labaka lagun duela, Urrutia II.a eta Odeiren aurka.
Oriamendi enpresak profesional berri bat izango du larunbat honetatik aurrera, ez ohiko erremontista esan genezake, Ugaitz Susperregi oiartzuarrak 26 urterekin egingo baitu debuta, azken urteetan joko-garbian aritu eta gero. Nahiz eta egun garrantzitsua izan lasai dago aurreko egunetan. Saskia ardatz eta ilusioa gainezka, lasai xamar omen dago erronka handi honen aurrean.
«Orain dela aste batzuk bueltaka narabilen burua baina, egiari zor, azken egunetan nahiko lasai nago eta pozik debutatzeko gogoekin», azaldu du oiartzuarrak Oriamendik zabaldutako elkarrizketa batean.
Debuta Labakarekin egingo du eta aurrean izango dituzte Urrutia II eta Odei. «Labakarekin oso gustora aritzen naiz eta bere esperientziak segurtasuna ematen dit. Urrutiarekin ez du entrenamendurik egin. Gainera Odeirekin jokatzea oso pozgarria da, berarekin entrenatzen dut askotan eta elkarrekin egin behar genuen debuta», gaineratu du.
Hori ez zen posible izan orain bi aste oineko fascitis baten ondorioz geldirik baitzegoen. «Makuluekin ibili naiz orain aste bat arte. Egia esateko nahiko azkar osatu naiz. Sendagilea eta fisioterapeutarekin ibili naiz eta ongi osatu naiz. Harrituta zeuden egin dudan hobekuntzarekin», azaldu du.
Osatze azkar horri esker egingo du debuta, bi aste beranduago, orain gutxi arte euskal pilotako modalitaterik zaharrenetako batean aritzen zen pilotaria. «Zubietan, Villabonan eta Oiartzunen jokatzen da joko-garbia eta saskiarekin 14 urterekin hasi nintzen. Futbola, eskalada... beste kirolak ere egin ditut, baina nire gustukoena joko-garbia zen». Hala ere erremontea ezberdina dela argi du.
Erremonterako jauzia Ansa II.ari esker eman omen zuen. «Biek magisteritza ikasi dugu, nahiz eta gela desberdinetan egon. Biak ere saskiarekin aritzen ginen gure kirolean eta animatu ninduen Galarretan erremontea probatzera. Horrela hurbildu nintzen Galarretara».
Abantailak eta desabantailak
Gustatu eta bertan jarraitu du. «Proiekzioa neukala esaten zidaten» eta aurrelari bezala hasi zen jokatzen. Aurretik joko-garbian aritu izanak gauzak erraztu dizkio. «Saskia ezaguna zait eta horrek laguntzen du, nahiz eta joko-garbian pilota hartu egiten dugun eta hemen jo egiten den zuzenean».
Bizio txikiak ere baditu. «Hori da duen alde txarretako bat. Joko garbiko bizio txikiak ditudala, baina beste aldetik abantailaren bat ere badu. Esaterako errebotea errebesez egiterakoan. Erremontean eskuinarekin egiten da eta joko-garbian errebesa erabiltzen da. Galarretan errebesa erabiltzen dut eta natural ateratzen zait», adierazi du.
Bere jokatzeko eraz aritzerakoan argi du erasoa duela gustuko. «Horrek prezipitazioa ekartzen du eta Ansak esaten dit lasaiago jokatu behar dudala, pausa gehiagorekin, lasaiago, denbora emanez. Horregatik naiz aurrelaria eta ez atzelaria. Atzean lasaitasun eta patxada handiagoa behar da».
Gabeziez hitz egiterakoan Ugaitz Susperregik argi du gauza asko dituela ikasteko, baina bat aipatzekotan «errestoa» aitatzen du. «Pilota paretan sartzen denean saskiarekin, eskuin besoarekin sartu behar da ausart. Joko-garbian errebesarekin asko sartzen gara paretean, baina hemen ez da posible horrela egitea errestoa eta hor hutsune bat dut, hobetu beharrekoa».
Larunbatean animorik ez omen du faltako. «Lagunak eta etxekoak bertan iznago dira eta aste honetan herrian, Oiartzunen, jendeak gogoratzen dit partida. Gainera sare sozialen bitartez debuta egingo dudala jende askok jakin du».
Ansa II. eta Martirena finalerdietara sailkatu dira
Goikoetxea eta Barrenetxeak galdu egin dute gaur Ansa II.a eta Martirenaren kontra Binakako erremonte Txapelketaren bosgarren jardunaldian eta euren bigarren partiduan. Bikote urdinak 33-40 irabazi du eta emaitza honekin Goikoetxea eta Barrenetxeak puntu bat lortu dute eta garaileek hirutik hiru garaipen eskuratu dituzte. Finalerdietara sailkatu dira matematikoki eta aurreneko postua ere ia eskura dute, 12 punturekin.
Partida oso polita eta ongi jokatua izan da, baina azken hamar tantoetan urdinek ihes egin dute 0-5eko partzialari esker. 31-33ko markagailutik 31-38ra pasa dira eta azkenean 33-40 itxi da norgehiagoka. Markagailua orekatua joan da amaiera arte. Hasieran gorriak joan dira aurretik 11-8, baina 0-6ko partzialarekin urdinek hartu dute aurre 11-14. Berdinketak egon dira, nahiz eta urdinek hiru eta lau tantoko abantailak lortu 15-18 edo 21-25ekoan. Tanto bakarra eta bi tantoko aldearekin iritsi dira une erabakigarrira eta hor Ansak hartu du aginte makila.
Ansa izan da berriz ere partidako erremontistarik onena. 20 tanto egin ditu eta 4 akats. Gainera zazpi tanto amaitu ditu bi paretako jokaldiarekin. Martirenak ongi lagundu du partida bizi batean. Sakearekin zazpi tanto egin ditu eta piloteoan sei. Gorrien artean Barrenetxeak, beste behin, partida ona jokatu du. 17 tanto egin ditu, horietatik sei sakearekin, baina Goikoetxeak errestoan ez du konfiantzarik izan eta agian hortik egin die ihes garaipenak. Bi puntu merezi zituzten, nahiz eta azkenean bakarra lortu.