Urteko partidarik gogorrenarekin berrekingo dio Athleticek lehiari
Zuri-gorriek Bartzelona bisitatuko dute larunbat honetan (12.00). Txapelketako liderrak Ligako eta Txapeldunen Ligako partida guztiak irabazi ditu. Monenteren, Erikaren eta Nekaneren bajekin bidaiatuko du Athleticek.
Huelvako Sportingen aurkako berdinketaren zapore gaziarekin joan zen Athletic etenaldira eta urteko partidarik gogorrenarekin berrekingo dio lehiari. Zuri-gorriek orain arte inolako ahulgunerik erakutsi ez duen Bartzelona bisitatuko dute larunbat honetan (12.00, Footters).
Iraia Iturregik berak aitortu duenez, ez da soilik «munduko talderik onena», baizik eta «inoiz ikusi dudan talderik osoena». Bere zenbakiak ikusi besterik ez dago. Ligako liderra, partida guztiak irabazi ondoren –hamaika jardunalditan 68 gol sartu eta 3 jaso ditu–, Europan ere agerian utzi du bere nagusitasuna. Txapeldunen Ligako multzoen fasearen laugarren jardunaldia jokatuta, bera da neurketa guztiak irabazi dituen talde bakarra.
Ezinezkorik ez dagoela pentsatu nahi du entrenatzaile bizkaitarrak, hala ere, eta bere taldea «garaipenaren aukeran zentratu behar» dela esan du, «oso txikia bada ere. Baikorrak izan behar gara. Helburua garaipena izango da eta guregan zentratu behar gara. Gero, norgehiagokan zehar, helburuak aldatzen joan behar garela ikusten badugu, aldatuko ditugu, baina irabazteko aukeraren bat edukitzeko moduko partida egin behar dugu». Hau da, «gure bertsiorik onena eman eta egiten ditugun gauzak, era ezinhobean egin».
Erasoan izango ditu Iturregik baja guztiak, Monenterekin eta Erikarekin batera, Nekanek osatzen baitu min hartuta dauden jokalarien zerrenda.
Reala, Alaves eta Eibar, igandean
Igandean beste hiru hitzordu daude euskal taldeentzat. Realak bigarren postuari eutsi nahi dio Madril CFF taldeari egingo dion bisitan, probetxu handia atera dezakeen jardunaldian, atzetik dituen taldeen neurketak ikusita: Athleticek Bartzelona bisitatuko du eta Atletico Madrilek eta Levantek elkarren kontra jokatuko dute.
Alavesek, bere aldetik, Valentzia hartuko du Ibaiako garaiezintasuna mantentzeko asmoarekin. Eta Eibarrek, azkenik, bolada txarrari amaiera eman nahi dio aurkari zuzen baten kontra: Huelvako Sporting bisitatuko du, oraindik garaipenik ospatu ez duen Lehen Mailako talde bakarra.
12. jardunaldia
Larunbata
Bartzelona - Athletic (12.00, Footters)
Betis - Sevilla (12.00)
UD Granadilla - Rayo Vallecano (13.00)
Vila-rreal - Real Madril (16.30)
Igandea
Huelvako Sporting - Eibar (11.30)
Alaves - Valentzia (12.00, Footters)
Atletico Madril - Levante (12.00)
Madril CFF - Reala (13.00, RTVEPlay)