Euskararen Errepublika aldarrikatu dute Durangon, hizkuntza politika burujabea izateko
Ehunka pertsona bildu dira Durangon euskarak espainiar eta frantziar estatuetan pairatzen duen «zapalkuntza linguizida» salatzeko. Antolaitzaleek mezu baikor batekin bukatu nahi izan dute ekitaldia eta euskararen egoeragatik kezka agertu duten arren, XXI. mendean «bizirik» dagoela nabarmendu dute.
«Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika» lelopean, ehunka pertsonak parte hartu dute astelehen euritsu honetan Durangon Euskal Herrian Euskaraz taldeak (EHE) deituta egin den manifestazioan, espainiar eta frantziar estatuetan euskarak pairatzen duen «zapalkuntza linguizida» salatzeko.
Durangoko Landako gunetik abiatu da martxa 17.30ean eta ehunka pertsona batu dira manifestaziora; beste askok bien bitartean ilaran itxaroten zuten Durangoko Azokara sartzeko.
Manifestazioaren lelo berbera zuen pankarta baten atzetik, ibilbidean zehar parte-hartzaileek «Hemen gaude euskararen alde», «Euskarari erasorik ez» edo «Gazteok ere euskararen alde» leloak oihukatu dituzte.
Manifestazioaren aurreko egunotan, EHEren garai guztietako 250 kide baino gehiagok adierazpena sinatu zuten, non salatzen zituzten, besteak beste, «espainiar eta frantziar estatuen politika linguizidak».
Hiru ideia
Euriaz babesteko, ekitaldia Andra Mari elizpean bukatu da, bertso eta txapalaparta doinuekin. Koldo Zarate EHEko kideak taldearen adierazpena irakurri du eta hiru ideia luzatu dizkie parte-hartzalei. Hasteko, euskalgintzari zuzenduta, dei egin dio «euskararen borroka biderkatzera; euskalduntzearen eta euskaldunon hizkuntza eskubideen aldeko jarduna berrindartu eta Euskal Herri luze-zabalean hedatzera».
Bigarren deia eragile independentistei egin die. Zentzu honetan, adierazi die argi izan behar dutela «prozesu subiranista zintzoa izateko nagusiki euskaraz izan behar dela; euskararik gabe ez dagoela Euskal Herririk». Gainera, «eragile politiko, sindikal eta sozial independentistok elkarrekin esertzea» eskatu du Zaratek, «adostasunak bilatu eta guztion artean Euskararen Errepublikara, Euskal Errepublikara, eramango gaituen gehiengo sozial independentista egituratzeko».
Azkenik, euskaltzaleei gogoratu die herritar euskaltzaleak izan direla «euskararen berreskurapenaren motorea eta horrela izango da etorkizunean ere». «Euskaraz hitz egiten dugun bakoitzean Espainiatik eta Frantziatik deskonektatzen gara», adierazi du, euskaraz bizitzea «korronte hegemonikoen kontra egitea» baita.
«Zure Estatua nire lurrean eraiki duzu»
Euskararen egoeragatik kezkatuta agertu arren, EHEk aldarrikatu du euskara eta Euskal Herria «bizirik» daudela XXI. mendean, «zorigaiztoko patu beltz guztieti aurre eginez». Haien ustez, egungo hizkuntza politikek «eman behar zutena eman dute», eta hurrengo pausoa zein den iragarri dute: Euskararen Errepublika independentea. «Soilik horrela lortuko dugu Euskal Herri euskalduna berreraikitzea», esan du.
Hain zuzen ere, Euskal Herrian dagoen Kurdistango ordezkaritza baten bisita aprobetxatuz, Musa Anter idazle kurduaren esaldia gogoratu du Koldo Zaratek: «Nire hizkuntzak zure Estatuaren oinarriak astintzen baditu, horrek esan nahi du, ziur asko, zure Estatua nire lurrean eraiki duzula». Antolatzaileen ustez, «esaldi horrek oso ondo islatzen du euskaldunok, kurduek eta munduko hizkuntza gutxitu guztietako hiztunek pairatzen dugun errealitatea. Estatu arrotzek gure lurretan eraiki dituztela euren egiturak. Estatu arrotzek euren hizkuntzak gure berezko hizkuntzak ordezkatuz inposatu nahi dizkigutela».
Zentzu honetan eta euskararen kasura bueltatuta, kritikatu dute frantziar eta espainiar estatuak ez daudela prest «euskararen berreskurapen eta normalizazio osoa gerta dadin uztera. Ez daude prest euskaldunok normaltasunez euskaraz bizi ahal izatera irits gaitezen. Zapalkuntza hau da euskaldunok pairatzen dugun hizkuntza gatazkaren muina eta euskararen egoeraren jatorria».