INFO

Bi aste jokatu gabe igaro ostean, Bidasoa-Irunek Europako hitzordu garrantzitsua du aurretik

Zenbait covid kasu sufritu ostean, Irungo taldea prest da lehiaketara itzultzeko. Astearte honetan (20.45, Artaleku) multzoko bigarren sailkatua den Orlen Wisla Plock talde poloniarra hartuko dute Cuetararen jokalariek.

Bi aste eta gero, Bidasoa-Irunek partida bat jokatuko du. (Jon URBE/FOKU)

Luzea egin zaie zaleei, are gehiago Bidasoa-Irungo jokalariei, baina talde gipuzkoarra prest da berriro ere lehiaketara itzultzeko. Bi aste igaro dituzte jokalariek partida bat jokatu gabe taldean egondako zenbait covid kasu dela-eta, baina astearte honetan (20-45, Artaleku) hitzordua dute eskubaloiarekin; European Leagueko multzo faseko laugarren partidarekin, hain zuzen ere.

Lehenik eta behin, jokalarien fisikoa aztergai egongo da Artalekun. Bidasoatarrek Ligako bi neurketa eta Europako beste bi galdu dituzte egoera berezi honengatik eta zortzi jokalari egon dira covid-ak jota. Egia da entrenamenduetara bueltatzeko aukera izan dutela, baina erritmoa ez partidetako bera izaten. Hori bai, denek ezin izan dute entrenatu, eta horregatik Jacobo Cuetarak aitortu du jokalari batzuk taldearekin aritu gabe joango direla partidara.

«Jokalariek sintoma txikiekin edota sintomarik gabe igaro dute gaixotasuna, eta horrek lasaitasuna ematen digu», azpimarratu du Cuetarak atarikoan. Hori bai, argi utzi du bere taldea «ez dela maila altuenena jokatzeko iritsiko». Horrek hurrengo partidak ere «baldintza ditzakeela» gaineratu du asturiarrak.

Biharko aurkaria multzo faseko bigarren sailkatua da. Fisikoki oso indartsua da Xavi Sabatek gidatzen duen talde poloniarra. Bertan dihardute Niko Mindegia nafarra, David Fernandez Valladolideko jokalari ohia edota Abel Serdio pibotea. Cuetararentzat, «duela bi denboraldiko taldea baino hobea da». Dela bi urte Txapeldunen Ligan lehiatu ziren elkarren kontra.

«Beraiek iazko Final Four-era iritsi ziren, oso indartsuak dira eta maila onenena egonda ere oso aurkari zaila izango litzateke», aitortu du.

Bidasoa-Irun multzoko laugarren sailkatua da, Wisla baino lau luntu gutxiagorekin baina baita bi partida gutxiagorekin ere. Hala amaituz gero multzo fasea, sailkatuta egingo lirateke irundarrak.

Biharkoa irundarren maratoiko lehen partida izango da. Ondoren, beste lau neurketa berreskuratu behar dituzte. Ez dute atsedenik izango Gabonetako geldialdia arte.