INFO

Ederlan lantokiko lan heriotza gaitzesteko elkarretaratzea egin dute Bergaran

Fagor Ederlan lantokian pasa den astean hil zen 44 urteko langilearen heriotza salatzeko elkarretaratzea egin du astearte honetan hainbat herritarrek Bergaran.

Lan istripua gaitzesteko Bergaran egindako elkarretaratzea. (Gotzon ARANBURU/FOKU)

Abenduaren 3an, gaueko lan jardunean, 44 urteko Markinako langile bat hil zen «istripu ez traumatiko» baten ondorioz Bergarako Fagor Ederlan lantokian. Astearte honetan, hainbat herritarrek elkarretaratzea egin dute herriko plazan, LAB, ELA, Steilas, EHNE, ESK eta Hiru sindikatuek deituta. "Lan istripu gehiagorik ez! Prekarietatea hiltzailea" pankartaren atzean elkartu dira.

LABek heriotzaren biharamunean gogorarazi zuen 2021ean 59 langilek galdu dutela bizitza Hego Euskal Herrian euren lanpostuetan, eta horietatik 15ek lan istripu ez traumatiko deiturikoetan.

«Heriotza hau ezin diogu halabeharrari egotzi», esan zuen sindikatu abertzaleak Bergaran hildako langileari buruz: «Oso irakurketa sinplista izango litzateke hori. Behin baino gehiagotan salatu izan dugu txanda sistemak eta bereziki gaueko lanak osasunean eragiten duen kalte fisiko eta sikologikoa: erritmo zirkadiarra kaltetzen du (gizakion prozesu fisiologikoak kontrolatzen dituen giza erloju biologikoa) eta horrek hipertentsioa, estresa,nekea, insomnioa eta beste hainbat patologia eta arrisku sortzen ditu».

«Argi daukagu baita ere, lantokietan egiten diren arriskuen ebaluazioetan ez direla jasotzen lanak errealki sortzen dituen patologia guztiak eta, beraz, ez dela lan osasunaren zaintza integral eta eraginkor bat egiten. Hainbat eta hainbat gaixotasun profesional daude, isil-isilean eta inor konturatu gabe langileen osasuna kaltetzen dutenak, eta kasu askotan langileari heriotza dakarkiotenak», erantsi zuen LABek.