INFO

Donostiako Kristina Enea parkeko 100 urteko haritzaren altxor ezkutuak ezagutzeko bideoa

Kukulunbera eta kaprikornio handia Europako kakalardo handienetakoak dira. Eta Donostian badute bizileku bat: Kristina Enea parkeko ehun urte baino gehiagoko haritza. Parkea Bizirik “kukulunbera” Elkarte Naturzaleak bideo batean jaso du zuhaitz horrek inguruko faunarekin konpartitzen duen bizitza.

Kukulunbera espezieko kakalardoa. (Joseba GURUTZ DE VICENTE/PARKEA BIZIRIK)

Donostiako Egia auzoko Kristina Enea parkean bada altxor ugari ezkutatzen dituen zuhaitz bat: ehun urte baino gehiagoko haritz kanduduna, animalia askorentzat aterpe eta janari iturri. Parkea Bizirik “kukulunbera” Elkarte Naturzaleko kideek bideo batean jaso dute zuhaitz horrek inguruko faunarekin konpartitzen duen bizitza.

Bideoan azaltzen denez, Fermin Lasala eta Colladok 1883tik geroztik jatorri desberdinetako zuhaitzak landatu zituen parke honetan. Bizirik daude orduan landatutako batzuk oraindik, horietako bat haritz kanduduna.

Ornogabe txikiak aurki daitezke haritz zaharraren azal arrakalatuan. Tartean, okil txikia, garrapoa eta gerri-txori arrunta.

Kaprikornio handia espezieko kakalardoa. (Joseba GURUTZ DE VICENTE/PARKEA BIZIRIK)

Europako kakalardo handienetakoak ere, kukulunbera eta kaprikornio handia, ibili izan dira enborretik, espezie hauen larbak egiten dituzten markek salatzen dituzte. 10 zentimetro luze eta 1,5 zentimetro zabal izan ditzakete larbok, eta zuhaitzaren zuraz elikatzen dira, intsektu heldu izatera iritsi arte.

Ekainetik abuztura, kululunberak eta kaprikornio handiak, pintza gorri binarekin bata eta antena luzeduna bestea, enbor barneko galeriak utzi eta azalera ateratzen dira.

Ez da alerik ageri

Baina jokoan dago haien etorkizuna. Ehun urtetik gorako bi haritzek ematen zien bitzitza kakalardo espezie hauei, baina horietako bat ebaki egin zuten.

Haritz zaharren osasuna delikatua da, halaber. «Parke eta Lorategien Udal sailak horietako batzuk erabiltzeko enkargua bere azpikontratari zabaldu zion. Naturzaleok enbor ebaketaren aurretik Udal erregistroaren bidez ez mozteko eskaera bideratu genuen edo, gutxienez, enborrak parkean utz zitzaten. Babestutako kakalardoak bertan zeudelako», esplikatzen dute Parkea Bizirik “kukulunbera” Elkarte Naturzaleko kideek zabaldutako bideoan.

Ez zuten erantzun ofizialik jaso, ordea. 1883 inguruan landatutako haritz mordoxka bat ebaki zituzten 2007tik 2008ra. «Hondamendia» izan zen kakalardoentzat.

Egun, behin kakalardo babestuen larbak egindako markak janzten dituzte zenbait haritzek. Baina Naturzaleok elkarteak banan-banan mihatu dituzte zuhaitzak eta ez dute kukulunbera edo kaprikornio handiaren alerik aurkitu.