INFO

Indarrean jarraitzen duen espetxe-politika salatu du Etxeratek Gasteizen eta Iruñean

Euskal presoen senideek eta hurbilekoek mobilizazioak egin dituzte ostiral honetan Gasteizen eta Iruñean espainiar eta frantziar estatuek presoen eskubideak urratzen dituen salbuespeneko espetxe-politika indarrean mantentzen dutela salatzeko.

Etxeraten mobilizazioa Iruñean. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna dela eta, euskal presoen senide eta hurbilekoek zapiekin elkarlotutako giza kateak osatu dituzte Gasteizen eta Iruñean ostiral honetan, oraindik ere jasaten dituzten eskubide urraketa guztiez «nazkatuta» daudela ozen esateko.

«Nazkatuta gaude, gure senide presoak isolamenduan eta lehen graduan 30 urte baino gehiago eduki ondoren, justizia arrunta aplikatzeko eskubidea ukatzen dietelako, eta urte luze hauetan gu bitartean gure bizitza arriskuan jartzera behartu gaituztelako, urrun dauden espetxeetan bisitatu ahal izateko», adierazi dute Etxerateko kideek.

Gainera, «ziurgabetasuna eta sufrimendua nagusi izanik», pandemiaren ondorioz, preso eta senideen arteko komunikazioak ia bi urtez etenda egon direla gogoratu dute. «Eskubideen urraketa hau jasanezina da, bisitak egiteko eta komunikatzeko debekuak eta zailtasunak inposatu dizkigutelako behin eta berriz».

Testuinguru honetan, Etxeratek berriz ere bat egin du Estatu mailan presoen eskubideen defentsan lan egiten duten elkarteen salaketarekin.

«Gaur, gure artean eta mundu osoan errepikatzen diren arraza, erlijio eta generoagatik ematen diren eskubideen urraketa larrien gaitzespenarekin bat egiten dugu, eta, era berean, bozgorailua pizten dugu sufrimendua eragiten duten politika diskriminatzaileak mantentzeari uko egiteko», adierazi dute Etxerateko kideek.