INFO

Nafarroan Euskara Lege berria lortzeko adostasunak bildu nahi ditu Kontseiluak

Eskubideak murriztu eta mugatzen dituen Nafarroako Euskararen Legeak 35 urte beteko ditu asteazken honetan. Eskubidetan oinarrituriko lege berri baten beharra nabarmendu du Kontseiluak. Horretarako, adostasun zabala lortzeko eragileen biltzeko eta lantzeko konpromisoa hartu du.

Anabel Arraiza, Sagrario Aleman eta Agurne Gaubeka Kontseiluaren ekitaldian. (Iñigo URIZ/FOKU)

Nafarroako Euskararen Legek 35 urte bete dituela gogoratzeko Kontseiluak antolatu duen ekitaldian arau berri bat beharrezkoa dela nabarmendu dute. Batuz Aldatu eta Cortesko Adierazpenaren Hordago! ekimenek zabaldu duten ildotik oinarrizko adostasunetik abiatu behar dela nabarmendu du Kontseiluko eledun Paul Bilbaok.

35 urte hauetan legeak Nafarroako euskaldunen eskubideak bizi diren tokiaren arabera mugatzen dituela salatu du Bilbaok. «Azken urteotan egin dugun bezala lege hori salatzera atera gara. Euskalgintzak lege hau diskriminatzailea dela salatzen jarraituko du. Egia da legeak irakurketa desberdinak izan ditzakeela, malguagoak edo zorrotzagoak, baina beti ere badago Damoklesen ezpata bat, euskara soilik eremu batean ofiziala dela», adierazi du.

Honekin batera, euskararen normalizazioan Nafarroan atzerapausuak ematen ari direlako kezka azaldu du Bilbaok. Euskararen dekretuaren adibidea jarri du, UPNren garaiko jarrerak eta inertziak eusten zaiela salatuz. Nafarroako Parlamentuan Kontratazioaren Legearen onartzearekin ere euskararentzat atzerapausua eman dela gogoratu du. Madrilen PSOEren babesarekin hizkuntz gutxiagotuen aldeko legeak onartzen badira ere, Nafarroan alderdi berak oztopatzen dituela salatu du ere Bilbaok.

Nafarroako Gobernuaren baitan euskararen gaian desadostasunak badirela onartzen dute Exekutiboa osatzen duten alderdiek ere. «Baina herritarren eskubideetaz ari gara eta hori ez da onargarria, marra gorri batzuk egon behar dira», aipatu du, balizko desadostasunak ezin duela dena justifikatu agerian utziz.

Egoera honen aurrean, Kontseiluak adostasunaren alde egingo duela aurreratu du, Batuz Aldatu eta Cortesen aurkeztu zen Hordago! ekimenen ildotik. «Bertan jasotzen diren printzipioak erabilgarriak izan daitezke», adierazi du, datozen hilabeteotan eragileekin harreman ziklo bati ekingo diotela gaineratuz.

«Euskararen lege berria izateko presa dugu, baina oraingoan denbora hartuko dugu, urratsez urrats joango gara, legearen beharra partekatuz eta legearen printzipio nagusiak guztion artean adostuz. Hori bai, hasieratik jarriko dugu mahai gainean azken helburua herritar guztien arteko berdintasuna bermatzea izango dela», nabarmendu du Bilbaok.

Foru Hobekuntzaren ondorioa

Kontseiluak antolatu duen ekitaldian euskalgintzan aritzen diren hainbat lagunen bizipenak jaso ditu Anabel Arraizak. Horietako bat Sagrario Aleman euskaltzaina izan da, Nafarroan euskararen aldeko lanean eskarmentu handia duen emakumea. Alemanek gogoratu duenez Foru Hobekuntza 1982an onartu baino lehen, Nafarroako Parlamentuak euskaren ofizialtasunaren, aldeko egitasmoa bozkatu zen. Madrilera ustez Nafarroaren izenean Hobekuntza negoziatzera joan zirenek ordea, Gobernu espainola baino euskararen kontrako jarrera gordinagoa zuten. Eta Hobekuntza eta ondorengo Euskararen Legea atera ziren moduan atera ziren.

Hasiera batean bi zonalde baino ez zutela aurreikusten gogoratu du. Euskalduna eta ez euskalduna. Gerora, hirugarrena sartu zuten, mistoa, Iruñeko zerbitzu zentralak jaso zituena. Urte horietan mobilizazioa ugari izan zirela aipatu du Alemanek, baina baita euskararen aldeko lan ugari, zerbitzuak hizkuntza honetan jasotzeko ekimenak bultzatuz.

35 urte hauetan euskarak Nafarroan egin badu herri ekimenari esker izan dela azpimarratu du Alemanek. Legeak aukera ematen badu ere Nafarroako Gobernuak ez ditu bere borondatez aurrepausurik eman irakaskuntzan, admistrazioan edo komunikabidetan.

Behotokiko Agurne Gaubekak Bermeotik Iruñera bizitzera joan zenean egunerokotasunean hizkuntz eskubideak bermatuak ez izatea zer den zuzenean bizi izan zuela kontatu du.

AEKko koordinatzaile Alizia Iribarrenek eta Dindaia Fundazioko ordezkari Esther Lakastak Batuz Aldatu adierazpena eragile ugari eta anitzek sinatu zutela gogoratu dute. Adierazpena euskararen lege berri baterako oinarria izan daitekeela azaldu dute. Hain zuzen ere, lege berriak ezagutzaren unibertsalizazioa eta euskararen erabilera erosorako espazioak bultzatzea helburu izan behar dituela gaineratu zuten. Horretarako, Nafarroan lan berezitua egin behar dela azpimarratu dute.